Gizartea -

Gasteiz

Borroka jendetsua, Alaveseko eta Betiseko zaleen artean

Ez dute inor atxilotu, baina Ertzaintzak hainbat pertsona identifikatu ditu. Iturri horien arabera, ez da inor zauritu.

Alaveseko eta Betiseko futbolzaleen arteko liskarrak izan dira

0:31

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alaves eta Betis futbol taldeetako zaleen arteko borroka jendetsua izan da gaur eguerdian Gasteizen, arratsaldean bi taldeek jokatuko duten partidaren atarian.

Borrokak eguerdia baino lehen hasi dira Gasteizko Gaztela kalean, eta zibil jantzita zegoen ertzain batek hainbat tiro egin ditu airera, jendea sakabanatzeko, Ertzaintzak jakinarazi duenez.

Ez dute inor atxilotu, baina Ertzaintzak hainbat pertsona identifikatu ditu. Halaber, iturri horien arabera, osasun zerbitzuek ez dute inor artatu behar izan.

Indarkeriaren kontrako batzordeak arrisku handiko partida izendatu zuen Alaves eta Betis taldeen arteko Bigarren Mailako partida.

Alaveseko zuzendaritzak borroka gaitzetsi du

Alaveseko administrazio kontseiluak "irmoki" gaitzetsi du bi taldeetako zaleen arteko borroka.

"Futbolarekin zerikusirik ez duten" jokabide horiek gaitzetsi ditu Alavesek ohar batean. Gainera, azpimarratu du borrokan nahastutako zaleek ez dutela "ez taldea, ez hiria" ordezkatzen.

Jokaera onearen kodeak defendatzen dituela azpimarratu du Alaveseko administrazio kontseiluak, eta iragarri du bere eskura dauden bitarteko guztiak jarriko dituela indarkeriazko jokabideak desagerrarazteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alaves albisteak Gasteiz