Gizartea -
Epaiketa
Beste 7 emakumeren irudiak zituen Aguilarrek, batzuk 'indarkeriazkoak'
Kasuaren instrukzioaz arduratu den ertzainak azaldu duenez, 'Shaolin faltsua'-ren gimnasioan beste zazpi emakumeren argazkiak eta bideoak topatu zituzten, horietako batzuk 'indarkeriazkoak'.
Agentziak | Erredakazioa
Maureeen Ada Otuya eta Jenny Sofia Rebolloren hilketak argitzeko Bilboko Auzitegian joan den ostiralean hasitako epaiketak bigarren saioa du gaur. Ikerketan parte hartu duten Ertzaintzako hainbat agentek deklaratuko dute gaur. Juan Carlos Aguilar, 'Shaolin faltsua' bezala ezaguna, dago akusatuen aulkian eserita. Bi emakumeak hil arte kolpatu izana onartu zuen lehendabiziko saioan. "Bai, guztia aitortzen dut", erantzun zion fiskalak egindako galderari.
Kasuaren instrukzioaz arduratu den ertzainak azaldu duenez, 'Shaolin faltsua'-ren gimnasioan beste zazpi emakumeren argazkiak eta bideoak topatu zituzten, horietako batzuk "indarkeriazkoak".
Bizkaiko Auzitegian egiten ari diren epaiketan deklaratzen lehena izan da instrukzioaz arduratu den agentea. Maureen Ada Otuya eta Jenny Sofía Rebolloren gorpuak nola topatu zituzten azaldu du, xeheki. Halaber, Aguilarren gimnasioan beste zazpi emakume agertzen ziren argazkiak eta bideoak ere aurkitu zituztela esan du. "Irudi horietako batzuetan emakumeak konorterik gabe azaltzen ziren, jantzi erotikoekin, eta batzuetan, harreman sexualak izaten", esan du. Emakume horietako batzuekin hitz egitea lortu omen zuten ertzainek, Aguilarren telefono-zerrendan agertzen zirelako.
Polizia Aguilar atxilotzera joan zenean, akusatuak egindakoa "tumore baten eraginez mozkortuta bezala" gogoratzen zuela azaldu omen zion poliziari.
Epaiketa behin herri epaimahaia eta Aretoa osatu ondoren abiatu zen, ostiralean. Herri epaimahaia bost gizonezkok eta lau emakumezkok osatuko dute eta Manuel Ayo Bizkaiko Probintzia Auzitegiko presidentea izango da, ostera, Aretoko buru. Aipaturiko tramitea ateak itxita egin zuten eta bi ordu behar izan zituzten horretarako. Epaiketak izugarrizko ikusmina sortu du eta horren adierazgarri dira epaiketa jarraitzeko akreditazioa eskatu duten 119 kazetariak.
Kasuan pertsonatutako aldeen kalifikazioak irakurri ondoren, maiatzaren 25ean eta ekainaren 2an gertatutakoari buruzko hainbat galdera labur egin zizkion fiskalak akusatuari. Aguilarrek monosilaboekin erantzun zien fiskalaren galderei eta buruarekin ere keinuak egin zituen. Fiskalak egindako galdera baten ondoren onartu zuen bi emakumeak lotu eta hil arte kolpatu zituela. "Bai, guztia aitortzen dut", adierazi zuen.
Clara Campoamorren salaketa
Blanca Estrella Ruiz Clara Campoamor Elkarteko presidenteak, epaiketaren bigarren saioa hasi aurretik hedabideei egindako adierazpenetan Aguilarri atzemandako argazkietan agertzen ziren gainerako emakumeak non dauden galdetu du. "Ez dakigu hilik ala bizirik dauden. Non daude emakume horiek?", nabarmendu du Ruizek.
Haren hitzetan, Aguilarren kontrako salaketa zabaltzen saiatu da Clara Campoamor, baina ez du lortu. Legez kanpo emakumea atxilo hartzea, arrazakeria edo indarkeria matxista dira aipatutako elkarteak Aguilarri egotzi nahi izan dizkion beste delituak.