Gizartea -

Jihadismoaren kontrako neurria

Herritarrak kontrolik gabe zelatatzeko legea, eztabaidagai Frantzian

Epaile batek baimena eman gabe ere, herritarren telefono edo ordenagailuetan sartu etaetxebizitzak miatu ahalko dituzte inteligentzia zerbitzuek.

Valls Parlamentuan izan zen atzo lege proposamenaren defentsa sutsua egiteko. EFE
Valls Parlamentuan izan zen atzo lege proposamenaren defentsa sutsua egiteko. EFE
Valls Parlamentuan izan zen atzo lege proposamenaren defentsa sutsua egiteko. EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Terrorismo jihadistari aurre egiteko neurria dela argudiatuta, herritarrak ia kontrolik gabe zelatatzeko lege-proposamen polemikoa eztabaidatzen ari dira atzotik Frantziako Asanblea Nazionalean. Onartuz gero, Administrazioaren baimena besterik ez dute beharko inteligentzia zerbitzuek herritarren komunikazioak zelatatzeko. Arriskua apartekoa dela irizten dioten kasuetan, gainera, hori gabe ere aritu ahalko dira espioiak. Charlie Hebdo-ren aurkako atentatua izan eta hiru hilabetera aurkeztu du legea Manuel Valls Frantziako lehen ministroak. Hain justu, jihadismoaren mehatxuari aurre egiteko modu bakarretako bat dela defendatu du buruzagi sozialistak.

Frantziako zerbitzu sekretuek baliabide tekniko gehiago izango dituzte susmagarrien elkarrizketak zelatatu, sare sozialetara eta datu-baseetara sartu eta operadoreei edukiak eskatzeko. Kasu horretan, sare sozialak, operadoreak edota Interneteko bilatzaileak behartuta egongo dira terroristak izan litezkeen susmagarrien ingurukoen berri ematera.

Era berean, zerbitzu sekretuek mikrofonoak jarri ahalko dituzte behar duten toki guztietan, eta etxeetan nahi beste miaketa egin ahalko dituzte. Horrez gain, susmagarrien ordenagailuetan denbora errealean sartu ahalko dira eta ibilgailuetan jarraipena egiteko gailuak paratu ahalko dituzte.

Lege-proposamenak hautsak harrotu ditu Frantzian. Horren aurka agertu dira giza eskubideen alde diharduten taldeak, epaile eta abokatu andana, eta datu-baseak kudeatzen dituzten enpresak. Azken horiek esan dutenez, legea onartuz gero, beste herrialde batzuetara joko dute, bezeroak galduko dituzten beldur baitira. Atzo bertan manifestazioa izan zen Asanblea Nazionalaren aurrean.

"Proiektua ez da oso zehatza. Gehiegikeriak egiteko bidea ematen du, eta sarea neurriz kanpo zelatatzeko aukera zabalduko da", adierazi du Gauri van Gulik Amnistia Internazionaleko zuzendariaren ondokoak. Kritika hauek, baina, ez dira Parlamentura iritsi, eta legeak ez du ia oposiziorik izan. Horren lekuko, Parlamentua atzo erdi hutsik egon izana.

Manuel Vallsek berak agerraldia egin zuen atzo Asanblea Nazionalean lege honen defentsa sutsua egiteko. Vallsek adierazi zuenez, mehatxu jihadistak "aparteko neurriak behar ditu, baina ez salbuespenezkoak". Frantziako legea AEBk 2001eko irailaren 11ko atentatuen ondoren onartutako Patriot Act lege murriztailearekin zerikusirik ez duela eta biak alderatzen dituztenak "gezurti hutsak" direla azpimarratu zuen Vallsek.

Jihadismoaren kontrako borrokan aritzeko milaka espioi, ikerlari eta polizia errekrutatu ditu Frantziak azken hilabeteotan, eta 425 milioi euro bideratu ditu horretara. Vallsen hitzetan, 1.500 islamista ari dira zelatatzen gaur egun.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Frantzia argazkiak Gizartea bideoak Jihadismoa hoy Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Frantziako Gobernua Espioitza