Gizartea -
Istripua Marokon
Erorikoaren kolpeek ez zuten bigarren mendizalearen heriotza eragin
Marokoko agintariek hiru espeleologoen erreskatean egindako kudeaketak polemika sortu du. Polemika auzitegietara eta Kongresura helduko da. Gertatutakoaz informazioa emateko eskatuko diote Gobernuari.
Agentziak | Erredakzioa
Erorikoan buruan eta hanka batean hartutako kolpe handiek Jose Antonio Martinezen heriotza eragiteko nahikoa izan ez zirela azaldu dute bigarren autopsiaren emaitzek. Gorpuari bigarren autopsia Granadan egin diote gaur eta behin-behineko emaitzak jakitera eman dituzte.
Familiako iturriek jakitera eman dutenez, kolpeak ez ziren heriotza eragiteko nahikoa larriak.
Martinez hipotermiaz edo itota hil zen ikertu beharko dute orain, baina bi hilabete beharko dituzte autopsiaren behin betiko emaitzak lortzeko. Bigarren autopsia Granadako Auzitegiko Medikuntza Institutuan egin dute gaur. Autopsiak bost orduko iraupena izan du.
41 urteko polizia nazionalari egindako bigarren autopsia da. Marokoko Gobernuak autopsia egitea eskatu zuen gorpua Espainiaratu baino lehen. Horrela, gorpuari lehen azterketa Marrakexen egin zioten iragan asteazkenean.
Juan Bolivar bizirik atera zen mendizaleak agerraldia egin zuen ostegunean. Marokoko jendarmeek egindako erreskatean Jose Antonio Martinez larri zauriturik ur-jauzira erori zela azaldu zuen Bolivarrek. Esku-ohean igotzen saiatu ziren, baina ur-jauzira erori zen.
Erantsi zuenez, bertan gaua igaro zuen, ?burua uretatik kanpo zuela?, jendarmearen arabera. Baina Jose Antoniori zera esaten entzuten zion Bolivarrek: ?Itotzen ari naiz?. Hurrengo goizean, esku-ohea igotzeko lanari berriz ekin ziotenean, zuzenean errekara erori zitzaien eta ?hondoraturik? geratu zen. Bolivarren ahotan, Jose Antonio hilik atera zen bertatik.
Martinezen hileta-elizkizuna larunbat honetan, 12:00etan, egingo dute San Jose udal hilerrian.
Erreskate polemikoa auzitegietara eta Kongresura iritsiko da
Marokoko agintariek hiru espeleologoen erreskatean egindako kudeaketak polemika sortu du. Polemika auzitegietara eta Kongresura helduko da. Hildakoetako baten senitartekoek kasua auzitara eramango dute eta gertatutakoaz informazioa emateko eskatuko dio oposizioak Gobernuari Ganberan.
Espeleologo eta mendizaleen erreskatean erabilitako baliabideek eztabaida handia sortu dute, eta baita Marokoren eta Espainiaren ekintza diplomatikoak ere. Kirolariak artatzeko ?ahal zuen guztia egin? duela ziurtatu du gaur Espainiako Exekutiboak. Gainera, Marokoko agintarien ?borondate ona? berriro goraipatu du.
Mendizaletasun eta espeleologia federazioekin bat egingo du Martinezen familiak. Viruesen senideekin batera ?indarra egin? eta ?zerbait positibo ateratzen? saiatuko direla azaldu dute Martinezen senitartekoek. Hala ere, ?gobernuen aurkako borroka ezinezkoa eta zentzugabea? izan daitekeela onartu dute.
Espainiako espeleologoak erreskatatzera joan ziren jendarmeei errua botatzen ez dietela esan dute, baina Marokoko agintariek ?adituei zonaldera sartzen utzi ez? zietela salatu dute. Gainera, Marokoko erreskate taldea ?oso baldintza eskasetan? eta baliabiderik gabe bertaratu zela kritikatu dute.