Gizartea -

Auzitegi Nazionala

Epaileak espetxera bidali ditu Katalunian atxilotutako jihadistetako 7

Atxilotutako adingabea erreforma zentro batean sartu dute. Fiskaltzak uste du norbait bahitu eta lepoa moztu nahi ziotela, Estatu Islamikoak egiten duenaren antzera.

Kataluniako talde yihadistak erasoak eta bahiketak egin nahi zituen

1:26

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Epaileak kartzelara bidali ditu aste honetan Katalunian atxilotutako ustezko jihadistetako zazpi, hiru libre utzi ditu eta adingabe bat erreforma zentro batera eramateko agindu du.

Dolores Delgado Auzitegi Nazionaleko fiskalak eskatu du kartzelatzea erakunde terroristako kide edo kolaboratzaile izatea, eta gerrarako armak eta munizioa edukitzea egotzita.

Jose Luis Castro Adingabeen epaileak, berriz, erreforma zentro batera bidali du, itxialdi egoeran, 17 urteko atxilotua.

Aurreko asteazkenean atxilotutakoei Bartzelonako erakunde publikoetako argazkiak atzeman zizkieten, Guardia Zibilaren kuartelenak tarteko, eta granada bat eta munizioa ere bai.

Atxilotuak Espainiako hiritartasuna duten bost pertsona (lau islamera bihurtuak), bost marokoar eta paraguaiar bat (islamera bihurtua) dira.

Norbait bahitu eta lepoa moztu nahi zioten

Fiskaltzaren arabera, ustezko jihadista horiek norbait bahitu nahi zuten Espainiako Estatuan, jantzi laranja jarri, elkarrizketa bat egin eta lepoa moztu, gero bideoa zabaltzeko, Estatu Islamikoaren antzera. Horrela, Iraken edo Sirian egiten duten berdina mendebaldean ere egin dezaketela erakutsi nahi omen zuten.

Era berean, Jihadaren Predikurako Anaitasun Islamikoa izeneko taldeak finantza erakunderen bateko norbait bahitu nahi zuten, erreskatearekin finantzatzeko asmoz.

Dena dela, plan horiek guztiak "enbrioi fasean" omen zeuden, telefono bidezko elkarrizketetan entzundakoak baitira.

Baina atxilotuek granada bat, su armak, labana handiak, matxetea, eta lehergailuak egiteko argibideak ere bazituzten. Gainera, nitrato potasikoa eta azufrea ere atzeman zizkieten, lehergailuak egiteko erabili ohi diren materialak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Katalunia Jihadismoa hoy