Gizartea -
Tragedia Uarzazaten
Marokok erreskatea hasteko baimena berandu eman zuela salatu dute
Espainiako 16 espeleologo prest zeuden ostiraletik erreskatean parte hartzeko baina Marokok ez die baimenik eman.
Agentziak | Erredakzioa
"Ez digute utzi", deitoratu du Jose Enrique Sanchez Andaluziako Espeleologia Federazioko bozeramaileak. Maroko hegoaldean harrapatuta zeuden hiru espeleologoak (bi hil egin dira) erreskatatzeko lanetan laguntzeko prest zeuden Federazioko kideak, baina Marokok ez die baimenik eman. Rabaten jarrera salatu dute, horrenbestez. Sanchezek azaldu duenez ostiraleko "lehen ordutik" dena prest zuten, baina Marokok "ezetz esan zigun, behin eta berriz", kritikatu du.
Cope irrati kateari elkarrizketa eskaini dio Sanchezek eta Marokoren jarrera salatu du: "Ez digute utzi", esan du. Erakunde pribatua zirenez, "subiranotasun arazorik edo gatazkarik" sortuko ez zutelakoan zeuden, eta hala, erreskatea baliabide teknikoz eta espeleologo trebez hornitzeko aukera emango zietela uste zuten Federazioko kideek, baina Marokok ezetz borobila bota die hasieratik.
Onik atera den espeleologoarekin hitz egiterik izan ez duela nabarmendu du Sanchezek elkarrizketan. Azaldu duenez, Marokon dauden kideekin hitz egin du goizaldean eta esan diotenez, "une batean bakarrik ikusi zuten, Marokoko Poliziak hertsiki zaintzen baitu". Juan Bolivar ospitalean dago, hipotermiak eta shock psikologiko "ikaragarrian", bere kideak "hiltzen ikusi" dituelako.
Hiru espeleologoak pertsonalki ezagutzen ez bazituen ere, hirurak eskarmentu handikoak zirela agertu du Sanchezek. Azaldu duenez, ondo antolatuta zeukaten espedizioa, "urratsez urrats". "Espedizioaren proiektua daukat eta 39 folio dira", erantsi du.
"Beste bukaera bat edukiko luke"
Julio Perea Andaluziako Mendi Federazioaren presidenteak azpimarratu duenez, bestalde, Espainiako Gobernuaren erreskate taldeak arinago jardun izan balu, "beste bukaera bat edukiko luke denak".
Pereak ere Marokoren jarrera salatu du EFE albiste agentziari eskainitako adierazpenetan. Azaldu duenez, Espainiako taldeak arroilara iritsi eta bi ordura dezente egin zuen aurrera, Marokoko taldeak hainbat egunetan egindakoa bezainbat.
"Arinago heldu izan bagina, Espainiako taldea hasieratik ibili izan balitz, beste bukaera bat edukiko luke denak", deitoratu du Pereak.