Gizartea -

Alpeetako hegazkin istripua

Kopilotua gai zen % 100ean eta jarrera aparta zuen, Lufthansaren ustez

Pertsona baten ekintza 'isolatua' dela defendatu du Lufthansako presidenteak. Azpimarratu duenez, harro dago Lufthansa eta Germanwings konpainietan jarraitzen diren hautaketa prozesuez.

Carsten Spoht Lufthansako presidentea. EFE
Carsten Spoht Lufthansako presidentea.
Carsten Spoht Lufthansako presidentea. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carsten Spoht Lufthansako presidenteak ostegun honetan baieztatu duenez, Germanwigns konpainiako hegazkina amildu zuen Andreas Lubitz kopilotu alemaniarra gai zen % 100ean eta haren jarrera "apartekoa" zen. "Gure amesgaiztorik okerrenean ere ezin genuen irudikatu horrelako zerbait gerta zitekeenik", adierazi du kazetarien aurrean.

"Gai zen % 100ean eta haren jarrera apartekoa zen", esan du Andreas Lubitz 28 urteko kopilotu alemaniarraren inguruan.

Ildo horretan, norbanako baten ekintza izan dela defendatu du. "Berdin dio zenbat segurtasun neurri ezartzen diren enpresa batean, horrelako kasu bat ezin da inoiz erabat saihestu", gaineratu du.

Lufthansako arduradunak ez du Andreas Lubitzen balizko motibazioei buruzko "espekulaziorik" egin nahi izan, baina Lufthansa eta Germanwings hegazkin konpainietako langileak hautatzeko protokoloak defendatu ditu. Are gehiago, hautaketa prozesu horiek goraipatu ditu eta ebaluazio tekniko, mediku eta psikologikoak barne hartzen dituztela gaineratu du.

Pilotuak zein kopilotuak proba guztiak gainditu zituzten. Kopilotuaren kasuan, 2008an hasi zuen bere formazioa. Ondoren, duela sei urte, "aldi luze baterako" bere lanaldia eten egin zuen, baina, azterketa bat egin ondoren, berriz lanean hasi zen eta mailaz igo zuten 2013an, kopilotu estatusa lortuz.

Spohren arabera, hautaketa eta ondorengo formazio prozesua nola hobetu dezaketen aztertuko dute orain. Lufthansako arduradunak baieztatu du langileei azterketa medikuak egiten dizkietela urtean behin, baina behin formazio fasea amaituta, ez dituztela langileak azterketa psikologikoak egitera behartzen.

Kabinako atea blokeatzeko sistema

Spohrrek azaldu duenez, Irailaren 11ko atentatuen ondotik, haren konpainiak kabinako atea blokeatzeko sistema bat jarri zuen martxan, edonork bertara sartzeko aukerarik izan ez zezan. Adierazi duenez, ate horiek ezin dira ireki ezta kalibre txikiko arma batekin ere.

Germanwingseko hegaldiaren kasuan, istripuaren aurretik pilotua kabinatik atera zen. Pilotua bertatik ateratzeko konpainia alemaniarrak ezartzen duen baldintza bakarra, hegazkina 30.000 oinen gainetik egotea da eta Alpeetan erori zen hegazkinaren kasuan baldintza hori betetzen zen.

Pilotua kabinatik ateratakoan kopilotua bakarrik gelditu zen; izan ere, ez baitago bigarren pertsona bat egoteko obligaziorik.

"Kabina barruan dagoen pertsonak -kanpoan gertatzen ari dena pantaila baten bitartez ikusten du- atea irekitzen ez badu, tripulazioko kide guztiek ezagutzen dute atea irekitzeko kodea", gaineratu du Spohrrek. Dena den, kabina barruan dagoen pertsonak sarrera eragotzi dezakeela azpimarratu du.

Ildo horretan, Lufthansako presidenteak azaldu du momentuz ez dakitela norbaitek kodea sartu zuen ala ez eta barrutik kopilotuak atea blokeatu zuen alaa ez.

Airbus hegazkinen kabinetako atea irekitzeko protokoloa:

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hegazkin istripuak