Gizartea -

Hegazkin istripua Alpeetan

Barrutik blokeatzen ez badute, pilotuen kabina kanpotik zabal daiteke

Kabina barruan inor ez badago ere, bertara sartzeko modua dute tripulazioko kideek, kode bat sartuta.

Hegazkin baten kabinako atea irekitzeko protokoloa

02:23

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barruan inor ez badago ere, hegazkinetako pilotuen kabinak kanpotik zabaltzeko mekanismoa dute ateek. Barrutik blokeatzen ez badute behintzat, atea zabaltzeko modua dute tripulazioko kideek, Alvaro Gammicchia Sepla Espainiako pilotuen sindikatuko idazkari eta hegazkin istripuetan aditu gisa aritu denak.

Lur hartzeko eta aireratzeko unea kenduta, pilotuek badute kabinatik ateratzerik. Normalean, komunera joateko irteten dira, baina egiaztapen mekanikoak egiteko ere atera daitezke, hala nola, hegalen edo motorren egoera begiratzeko.

The New Yor Times egunkariak ostegun honetan ateratako informazioaren arabera, Alpeetan amildu zen Germanwings konpainiako hegazkineko pilotuetako bat kabinatik irten zen, baina ezin izan zen berriro sartu.

Gammicchiaren esanetan, hipotesi hori ez da ulergarria, kabina barruan inor ez egonda ere, kanpotik zabaltzeko aukera dagoelako. Hala, barruan dagoen pilotuak kordea galdu badu, kanpoan dagoen tripulazioa kabinara sar daiteke, atean dagoen kode bidezko mekanismoa martxan jarrita.

Pilotuak ez du zertan atera deitu behar

Irailaren 11ko atentatuen ondotik, kabinak blindatutako atea du eta hegazkina aireratzen denetik, itxita egon behar du. Dena dela, ate hori kanpotik desblokeatzeko aukera dute tripulazioko kideek, eurek bakarrik ezagutzen duten kodea sakatuta.

Kabinara sartzeko, tripulazioko kideak kodea sakatzen du eta abisu akustikoa jasotzen du kabinan dagoenak. Kabina kanpoaldean dauden kamerei begiratuta, sartu nahian dabilena ikusteko aukera du pilotuak, tripulaziokoa ez bada, ez dio sartzen utziko eta, baldin bada, atea zabalduko dio. Kabinan sartzeko eskaera mehatxupean ari direla adierazteko modua ere badute tripulazioko kideek.

Larrialdi kasuetan, beste kode bat sartuko dute tripulazioko kideek eta atea automatikoki zabalduko da. Hori bai, kabina barruan dagoenak atea propio blokeatzen badu, ezingo da zabaldu.

The New York Times egunkariak zabaldutako informazioa deitoratu du Gammicchiarik eta tankerako filtrazioek ikerketari laguntzen ez diotela azpimarratu. "Segurtasun protokolo ugari dago, eta kabina hutsik egonda ere, kanpotik zabal daiteke", agertu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Frantzia berriak Hegazkin istripuak gaur