Gizartea -
Frantziako hegazkin istripua
Pilotuetako bat kabinatik atera zen, eta ezin izan zen berriz sartu
'The New York Times' egunkariaren arabera, pilotu hori ate-joka hasi zen, kabinan sartzeko asmoz, baina besteak "ez zuen erantzun". Marseillako Fiskaltzak prentsaurrekoa eskainiko du 12:30ean.
EITB.EUS
Asteartean Frantziako Alpeetan erori zen hegazkineko pilotuetako bat kabinatik atera zen istripua gertatu baino lehen, eta ezin izan zen berriro barruan sartu, kutxa beltzaren grabazioak entzun dituen ikertzaile militar batek The New York Times egunkariari jakinarazi dionez.
Iturri horren arabera, pilotua ate-joka hasi zen ondoren, kabinan berriz sartzeko, baina besteak "ez zuen erantzun".
"Atea behera botatzen saiatu zela entzun daiteke", gaineratu du ikertzaile militarrak.
Lufthansa aire-konpainiak esan du ezin duela informazio hori baieztatu. Düsseldorfeko Fiskaltzak, bestalde, kabina barruan pilotu bakarra zegoela baieztatu du, baina zein zen ez dakiela gaineratu dute Fiskaltzatik.
Oraingoz ez dago argi zergatik atera zen kabinatik pilotuetako bat, ezta besteak zergatik ez zion atea ireki ere.
Horren ildotik, Jesus Lazaro Bilboko Ingeniaritza Eskolako doktoreak azaldu duenez, pilotuak ezin dira kabinatik atera aireratzean edo lurreratzean, baina bai, ordea, "hegaldia egonkor dagoenean", betiere bietako bat barruan geratzen bada. Komunera joatea edo egiaztapen bat egitea izan daitezke kabinatik ateratzeko arrazoiak.
Alvaro Gammicchia Sepla Espainiako pilotuen sindikatuko idazkariak (hegazkin istripuetan aditu gisa aritu da) gaineratu duenez, barruan inor ez badago ere, kabinetako ateek kanpotik zabaltzeko mekanismoa dute. Barrutik blokeatzen ez badute behintzat, atea zabaltzeko modua dute tripulazioko kideek, eurek bakarrik ezagutzen duten kode bat sartuta.
Le Monde egunkariak datu harrigarri gehiago jakinarazi ditu: antza denez, komandanteak kanpoan utzi zuen kopilotua.
"Gure informazioen arabera, komandantea da kabinaren barruan zegoena, eta kopilotua kanpoan; banandu baino lehen, alemanieraz hitz egiten ari ziren", gaineratu du kazetak.
Kutxa beltzen ikerketa
Berreskuratutako kutxa beltzaren grabazioak atzo hasi ziren aztertzen. Hegazkinek bi kutxa beltza dituzte: batek pilotuen arteko solasaldiak grabatzen ditu, eta besteak datu teknikoak biltzen ditu (abiadura, altuera, presurizazioa?). Kasu honetan, audio grabazioak dituena berreskuratu dute, eta bestearen bila dabiltza oraindik.
Frantziako Ikerketen eta Analisien Bulegoak (BEA) atzo baieztatu zuen audio grabazio bat dutela, baina analisi osoa egiteak "asteak edo hilabeteak" eman ditzakeela.
Oraingoz, guztiz baztertu duten hipotesi bakarra da hegazkina airean lehertu izana. "Hegazkinak azkenera arte egin zuen hegan", zehaztu dute BEAtik.
Marseillako Fiskaltzak prentsaurrekoa eskainiko du gaur, 12:30ean, ikerketari buruzko informazio gehiago emateko.
Biktimen senideak, istripuaren lekura bidean
Testuinguru honetan, biktimen hainbat senidek Frantziarako bidea hartu dute gaur, gorpuak berreskuratzeko lanak gertutik jarraitzeko.
Atzo, 14 senide eta Larrialdi Medikoen Sistemako (SEM) eta Gurutze Gorriko 11 kide errepidez abiatu ziren Marseillara.
Horiez gain, gaur goizean beste ehun senide inguru abiatu dira, hegazkinez, eta Marsellan daude dagoeneko. Horiekin batera medikuak, erizainak eta psikologoak joan dira, une oro laguntzeko. Frantziako agintariek 900 ohe prestatu dituzte istripua izan zen tokitik hurren dagoen udalerrian.
Alemaniako Gobernuaren arabera, 150 hildakoen erdiak, 72, alemaniarrak dira. Beste 50 biktima espainiar nazionalitatekoak dira, Mariano Rajoyren Exekutiboak baieztatu duenez.
Gainerako biktimak nazionalitate askotarikoak dira: bi australiar, bi argentinar, bi irandar, bi venezuelar, bi estatubatuar, britainiar bat, holandar bat, kolonbiar bat, mexikar bat, japoniar bat, belgikar bat eta israeldar bat.
Gorpuak identifikatzen hasi dira
Bestalde, auzitegi medikuak lehen gorpuak identifikatzen hasi dira jada, Seyne-les-Alpes herriko postu batean.
Identifikatu ostean, herri horretan dagoen hil-kaperara eramango dituzte, senideak bertan egongo baitira.
Erreskate taldeek hegazkinaren hondakinak eta gorpuak bilatzen jarraituko dute gaur, hirugarren egunez.