Gizartea -
Hegazkin istripua Frantzian
Despresurizazio edo izozte arazo bat, istripuaren balizko kausak
Oraingoz, guztiz baztertu duten hipotesia da hegazkina airean lehertu izana.
eitb.eus
Ikertzaileek ez dute argi zer gertatu zitzaion atzo Bartzelona-Dusseldorf bidea egiten ari zela Frantziako Alpeetan erori zen hegazkinari.
Meteo France herrialde horretako meteorologia agentziak azaldu duenez, eguraldiaren baldintzak "onak" ziren. "Egun sikua zen eta zerua oskarbi egon zen goiz osoan", gaineratu dute.
Horren ildotik, Frantziako Barne Ministerioa hipotesi guztiak aztertzen ari da, atentatu terroristarena barne, azken horrek "lehentasunik" ez badu ere.
Oraingoz, guztiz baztertu duten hipotesi bakarra da hegazkina airean lehertu izana.
Gertatutakoa
Segolene Royal Frantziako Ekologia ministroaren esanetan, kontrol dorreak 10:31n galdu zuen kontaktua hegazkinarekin; hau da, hegazkinak lurra jo baino 20 minutu lehenago.
Une horretan, hegazkina 11.400 metroko altueran zegoen, eta kontrolatzaileek maila horri eusteko eskatu zieten pilotuei. Horiek baiezkoa eman zuten.
Handik eta minutu batera, baina, hegazkina baimenik gabe behera egiten hasi zen, eta pilotuek ez zuten erantzunik eman kontrolatzaileek azalpenak eskatu zizkietenean.
10:40an, hegazkina 2.000 metrora zegoen, eta radarretatik desagertu zen.
10:49an, hainbat helikoptero, gerra-hegazkin bat eta hegazkin hornitzaile bat horren bila joan ziren, zer gertatu zitzaion argitzeko.
Hegazkina 11:00etan erori zen, eta 11:10ean ikusi zituzten haren hondakinak, airetik.
Tommas Winkelmann Germanwings konpainiako buruak azaldu duenez, hegazkina 8 minutu izan zen erortzen.
Adituen hipotesiak
Ikerketa ofizialak denbora beharko du gertatutakoa argitzeko, baina adituek bi hipotesi aipatu dituzte: despresurizazio arazo bat gertatu izana edo sentsoreak izoztu izana.
Hain justu, asteburuan Der Spiegel aldizkari alemaniarrak jakinarazi zuenez, Bilbo eta Munich arteko bidea egiten ari zen Lufthansa konpainiako hegazkin bat erortzeko zorian izan zen azaroaren 4an, sentsoreak izoztu egin zirelako.
Hegazkina 9.000 metrora zegoela, erortzen hasi zen. Pilotuek hegan egiteko sistema automatikoa deskonektatu behar izan zuten, aparatuaren kontrola berreskuratzeko.
Aipatutako hedabidearen esanetan, Lufthansak antzeko arazoak izan ditu beste 10 hegazkinetan.
Beste hipotesia da kabinan despresurizazioa jazo, eta, ondorioz, pilotuak konorte barik geratu izana.
Beste datu batzuk
Astelehenean, Germanwings konpainiako teknikariek matxura bat konpondu behar izan zuten hurrengo egunean istripua izan zuen hegazkinean. Hain zuzen ere, lurreratzeko trenaren atetxoek zarata egin zuten zabaltzean. Enpresaren arabera, "matxura arrunta" izan zen, "segurtasunean eragina ez zuena".
Bestalde, hegazkina enpresako zaharrenetakoa zen. 24 urte zituen, eta 46.700 hegaldi eta 58.300 ordu egin ditu orotara. Lufthansarena zen, baina Germanwings filialari eman zion duela urtebete.
Hala ere, horrek ez du esan nahi hegazkina zaharregia zenik edota horren baldintzak egokiak ez zirenik. Izan ere, hegazkin baten biziraupena presurizazio ziklotan kalkulatzen da, ez urtetan.