Gizartea -
9.000 metroko altueran
Bilbotik Munichera zihoan hegazkin bat erortzeko zorian izan da
Antza denez, hegazkina altuera hartzen ari zenean, sentsoreak izoztu eta okerreko datuak ematen hasi ziren nabigatzailera. Hegazkina minutuko 1.000 metro erortzen hasi zen.
Erredakzioa
Bilbotik Munichera 109 bidaiarirekin zihoan hegazkin bat lurrera jausteko arriskuan izan zen azaroaren 5ean, Der Spiegel egunkariak kaleratutako albiste baten arabera.
Antza denez, 9.000 metroko altueran zegoenean hegazkina minutuko 1.000 metro erortzen hasi zen. Orduan, pilotuek eskuko nabigazioa jarri zuten martxan eta hegazkineko ordenagailua amatatu, honela lortu zuten hegazkina kontrolatzea eta istripua saihestea.
Der Spiegelek dioenez, hegazkina altuera hartzen ari zenean, sentsoreak izoztu eta okerreko datuak ematen hasi ziren nabigatzailera. Lufthansa konpainiako beste 10 hegazkinetan ere honelako arazoak sortu izan direla dio Alemaniako egunkariak .
Izan ere, dagoeneko 80ren bat Airbus A-321 hegazkinetan sentsore aldaketak egin ditu konpainiak.
Gainera, Lufhansako beste hegazkin bat hustu egin behar izan dute gaur, larunbata, Ameriketako Estatu Batuetako San Frantzisko hirian, eta orduan ezagutu da Bilbotik Municherako hegaldian gertatutakoa. Gaurko ezbeharrean ez da zauriturik izan.
Datorren asteartean, horren moduko ezbeharrak aztertzen dituen Alemaniako Bulego Federalak Bilbotik irten zen hegazkinari gertatutakoaz egindako txostena ezagutzera emango du.
Bihar, Der Spiegel egunkariak arazoak sortu dituzten sentsoreen inguruko albistea kaleratuko duela azaldu du.