Gizartea -
Sailkapena
Deustu, Nafarroa eta Mondragon unibertsitateak, onenak irakaskuntzan
EHUk, aldiz, ez du batez besteko maila eman, baina seigarren lekua lortu du. Berrikuntza eta garapen teknologikoari dagokionez, Mondragon Unibertsitateak lortu du puntu gehien.
Erredakzioa
Deustuko Unibertsitatea eta Nafarroakoa Estatuko onenak dira irakaskuntzan, eta Mondragon Unibertsitatea bikaina da irakaskuntza, berrikuntza eta garapen teknologikoan. EHUk, aldiz, ez du batez besteko maila eman.
Horiexek dira U-Ranking 2014 ikerketaren ondorio nagusiak. Txostena Ikerketa Ekonomikoen Institutu Valentziarrak eta BBVA Fundazioak egin dute, irakaskuntza eta ikerketa, berrikuntza eta garapen teknologikoa alorren araberako sailkapena jaso du.
Irakaskuntzan, Mondragon Unibertsitateak 3. lekua lortu du, beste bost unibertsitaterekin batera, eta 1,2 puntu jaso ditu. EHU nahiko urrun geratu da, sailkapenean 6. eta 0,9 punturekin.
Berrikuntza eta garapen teknologikoari dagokionez, hobekien kokatutako euskal unibertsitatea Mondragon Unibertsitatea izan da, hirugarren lekua eskuratu baitu, soilik Catalunyako Politeknikoak eta Valentziako Politeknikoak gaindituta.
Aipatutako alorrean, 2,7ko indizea erdietsi du Mondragon Unibertsitateak. Deustuko Unibertsitatea beherago ageri da, 2,1 punturekin (7. postua). Atzerago dago zerrendan, 17. postuan, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), 0,8ko notarekin.
Ikerketari dagokionez, euskal unibertsitateek ez dute aparteko puntuaziorik lortu. EHU da zerrendan ageri den lehena (9. postua eta 1eko indizea), ondotik daude Mondragon Unibertsitatea eta Deustu (14.ak dira, 0,5 punturekin).
Estatuan Errioxako, Extremadurako eta Kanariar Uharteetako unibertsitateak dira produktibitate gutxien dutenak.