Gizartea -
Candanchun
Elur-jausi batek eskiatzaile bilbotar bat harrapatu du, Candanchun
40 eta 45 urte bitarteko bilbotarra da. Harekin zihoan eskiatzaile bilbotarra onik atera dute, hipotermia zantzuekin. Bilaketa lanak bertan behera gelditu dira igandera arte.
Erredakzioa
Elur-jausi baten azpian harrapatuta gelditu den eskiatzaile bilbotarra bilatzeko lanak bertan behera gelditu larunbat arratsaldean Candanchun, iluntasuna eta elur-jausi gehiago izateko arriskua tarteko.
Candanchuko eski estazioko iturriek baieztatu dutenez, elur-jausiaren azpian harrapatuta gelditu den pertsona bilbotarra da eta 40 eta 45 urte bitartean ditu. Ezbeharraren unean berarekin zihoan bigarren eskiatzaile bilbotarra onik erreskatatzea lortu dute. Hipotermia zantzuekin Candanchuko ospitalera eraman dute, baina egonkor dago.
Eski estazioko eta Guardia Zibilaren iturriek berri eman dutenez, ezbeharra La Rinconada gunean jazo da, hain zuzen ere, gaur eskiatzaileentzat itxita zegoen gune batean.
Guardia Zibilak 15:30ean jaso du abisua, bi eskiatzaile elur-jausi batean harrapatuta gelditu direla esanez.
Guardia Zibileko agenteak, lur-jausietan aditua den Panticosa taldeko txakur-gidari batek eta Candanchuko eski-estazioaren hainbat langilek eskiatzaileetako bat erreskatatzea lortu dute.
Iluntzearekin batera, erreskate taldeek bertan behera utzi dituzte bigarren eskiatzailea bilatzeko lanak eta igande goizean ekingo diote berriz ere bilaketari.