Gizartea -

Osakidetza

Osakidetzan ebakuntza egiteko 50 egun itxaron behar da batez beste

Osakidetzako zuzendari nagusiak eta Osasun Arretarako zuzendariak Osakidetzaren 2014ko jarduera datuak jakinarazi dituzte.

Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendari nagusia. Artxiboko irudia.
Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendari nagusia. Artxiboko irudia.
Ebakuntza egiteko itxaronaldia batez beste 50 egunekoa da Osakidetzan

1:34

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendari nagusiak eta Antonio Arraiza Osasun Arretako zuzendariak Osakidetzaren 2014ko ekitaldiaren amaierako jarduera datuak eta itxaron zerrenda aurkeztu dituzte gaur, Gasteizen, eta, beste datu batzuren artean, ebakuntza egiteko batez besteko itxaronaldia 50 egunekoa dela jakinarazi dute.

Horrela, ebakuntza egiteko itxaron zerrendako paziente kopuruaren murrizketa eta murrizteko joera berresten duten datuak nabarmendu dituzte. Hala, 2014ko abenduaren 31n, 17.760 pertsona zeuden ebakuntza zain, 2013an baino 363 gutxiago eta 2012an baino 851 gutxiago.

Datuen arabera, Osakidetza "ohiko kalitate parametroen baitan" dago, ebakuntza egiteko itxaronaldiak batez beste 50 egunekoa izaten jarraitzen baitu, alegia, Osakidetzaren 2011ko Hobekuntza Planean ezarritakoa (55 egun) baino bost egun gutxiago eta, Estatuko 65/2006 Dekretuak ezarritakoa (60 egun) baino hamar gutxiago.

Kontsultei dagokienez, lehen hitzorduaren zain dauden pazienteen kopurua %2,6 igo da, eta orain, batez besteko itxaronaldia 26,95 egunekoa da. Hala ere, pazienteen kopuruak behera egiten jarraitu du (3.413), 2012ko abenduaren aldean. Proba diagnostikoen itxaron zerrendan 2.502 pertsona gutxiago daude orain: 2013an baino %16 gutxiago. Batez besteko itxaronaldia %0,2 jaitsi da eta orain 8,6 egunekoa da.

Bestalde, Lehen Arretak eta Arreta Espezializatuak elkarri egindako kontsulta ez presentzialen kopuruak gora egin du nabarmen: 48.488 kontsulta egin dira, 2013an baino %162,1 gehiago. "Igoera horrek agerian uzten du bi mediku maila horien arteko irisgarritasuna, pazienteari erantzutea eta soberako joan-etorriak ekiditea ahalbidetuz", adierazi dute.

Lehen mailako arretako kontsultak, hala helduenak, nola pediatriakoak, 2013ko maila bertsuan geratu dira: %0,11 hazi dira familia medikuntzan eta %0,62 pediatrian. Guztira, 11.056.619 kontsulta izan dira. Lehen arretako kontsulta guztien %18,13 telefono bidezkoak izan direla azpimarratu dute (2.004.775), medikuaren eta pazientearen arteko harreman mota hau gero eta gehiago erabiltzen denaren seinale.

Bestalde, ospitaleratze kopurua %3,2 hazi da (guztira, 250.378), eta batez besteko egonaldia, aldiz, jaitsi (4,68 egun). Larrialdietako jarduerak %2 gora egin du aurreko urtearen aldean (865.246tik 882.765era).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak