Gizartea -

Bizkaibus

Galdakao metroarekin lotzen duen autobusa, geltokira iritsi ezinda

Etxebarriko Udaltzaingoak autobusa Etxebarriko metro geltokira iristea eragotzi du. Horrenbestez, erabiltzaileek 200 metro oinez egin behar dituzte Etxebarriko metro geltokira iristeko.

Etxebarritarrek herriko sarreran geldiarazi du Galdakaoko autobusa

1:04

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxebarriko Udaltzaingoa Galdakao Etxebarriko metro geltokiarekin lotzen duen autobus zerbitzu berria helmugara iristea eragozten ari da goizean goizetik. Horrenbestez, erabiltzaileek oinez egin behar dituzte Etxebarriko metro geltokira iristeko gelditzen diren metroak.

Bizkaibusen autobus zerbitzu berria igande honetan jarri da martxan eta autobus horrek Galdakao Etxebarriko metro geltokiarekin lotzen du hogei minutuz behin, eta, ordubetez behin, Galdakaoko ospitaleraino iristen da.

Etxebarriko hainbat biztanle autobus zerbitzu berri horren kontra agertu dira. Azaldu dutenez, Basauriko autobus zerbitzuaren kalteak jasan zituzten iraganean eta ez dute nahi beren herria "autobusen geltoki" bihurtzerik.

Etxebarriko Udalak udaltzainak lanean jarri ditu eta udaltzainek Galdakaotik datorren autobusa herrian sartzea eragotzi dute.

Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio Sailak adierazi duenez, Diputazioak bihar aztertuko du gaia.

Loren Oliva Etxebarriko alkateak ostiralean adierazi zuen Udalak autobus geltokiak Nerbioi kalearen hasierara mugitzea proposatu ziola Diputazioari, metro geltokitik, oinez, 3-5 minutura.

Ibon Uribe Galdakaoko alkateak "biztanleen arteko elkartasunerako" deia egin du arazoa konpondu ahal izateko.

Etxebarriko bizilagunak, pozik Udaltzaingoaren jokabidearekin

Galdakao-Etxebarri autobus zerbitzu bereziaren "inposizioa" salatzeko sortutako herritarren plataforma pozik agertu da Udaltzaingoak izandako jokabidearekin; izan ere, ez die Bizkaibusen autobusei ez die utzi bidaiariak metroko geltokiaren ondoan uzten eta hartzen.

300 bizilagun inguru elkartu dira gaur Etxebarriko udaletxearen aurrean, autobus zerbitzu horren kontra. Ondoren, manifestazioa egin dute Etxebarriko Sabino Arana zubiraino eta oinezkoentzat "oso arriskutsua" dela gogoratu dute, espaloiak estuak direlako. Autobus zerbitzuaren kontrako pankarta bat buruan zela egin dute kontzentrazioa eta bertan izan dira Loren Oliva Etxebarriko alkatea eta beste hainbat zinegotzi.

Plataformako kideek azaldu dutenez, Etxebarriko bizilagunak "ez dira inoiz insolidarioak izan" eta, bost urtez, Basauri Etxebarriko metro geltokiarekin lotzen zuen autobus zerbitzua "kexarik gabe" jasan zutela adierazi dute. Gaineratu dutenez,  Basauriren kasuan ez bezala, ez dago aurreikusita metroa Galdakaora iristeko lanak noiz hasiko diren, eta hamar urtez luzatu daiteke.

Normaltasuna nagusi gainerako autobus zerbitzu berrietan

Gainerakoan, gaur martxan jarri diren Bizkaibusen 89 autobus zerbitzu berrietan normaltasuna izan da nagusi "autobusen batean programa informatikoarekin izandako arazo txikiren bat salbu", Diputazioaren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Galdakao Metro Bilbao Bizkaibus