Gizartea -

Abadiñoko krimena

Abadiñoko biktimetako baten senarra atxilotu du Ertzaintzak

Abadiñoko alkateak Radio Euskadin baieztatu duenez, atxilotu eta ordu batzuetara gizonezkoak aitortu egin du hilketen egilea bera dela.

Abadiño: bi emakumeren hilotzak aurkitu dituzte Matiena auzoan. Argazkia: Amaia Uribe
Abadiño: bi emakumeren hilotzak aurkitu dituzte Matiena auzoan. Argazkia: Amaia Uribe
Abadiño: bi emakumeren hilotzak aurkitu dituzte Matiena auzoan. Argazkia: Amaia Uribe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abadiñon bi emakume hil zituzten atzo goizean, ama-alabak ziren, eta arratsaldean, galdeketa egin ostean, Ertzaintzak bi emakumeetako baten senarra atxilotu du, homizidioa egotzita, ikerketaren iturriek jakitera eman dutenez.

Ustezko hiltzailea Atxondon duen aroztegian topatu dute, hanketatik lotuta eta karga-jasotzaile batetik zintzilik, lantegia sutan zegoela.

Langileek aurkitu dute gizonezkoa, lanera sartu direnean, eta larrialdietako zerbitzuak ohartarazi ostean, Galdakaoko ospitalera eraman dute. Zauri arinak ditu eta, ondorioz, ingresatu eta ordu gutxira senda-agiria eman diote.

Goizeko 08:00ak aldera jazotako gertakariaren berri izan ondoren, ustezko hiltzailearen koinata arrebaren –atxilotutako gizonaren emaztea- etxera joan da, eta bertara sartzean arreba eta ama hilda topatu ditu, ohe gainean botata eta indarkeria arrastoekin.

Ertzaintza goizean goizetik ari da gertatutakoa ikertzen eta hasieratik hipotesi guztiak (lapurreta, indarkeria matxista, kontu garbitzea) zabalik ditu.

Hala ere, bi emakumeak kolpeka hil zituztela uste dute ikertzaileek. Ikerketaren nondik norakoak, frogak eta gizonezkoaren deklarazioak kontuan hartuta, hiltzailea gizon hori izan litekeela ondorioztatu dute ertzainek.

Bi emakumeak hil eta gero, eraso egin ziotela simulatu nahi izan zuela uste dute ikertzaileek.

Genero indarkeria kasua dela baieztatuko balute, gutxienez 50 izango lirateke jada aurten Estatuan bikotekideek edo bikotekide ohiek hildako emakumeak, indarkeria matxista arazo estrukturala den erakusle.

Elkarretaratze isila eta gaitzespena

CIE Inyectametal enpresako langileek elkarretaratzea egin dute gaur goizean, lantegiaren atarian, hilketak salatzeko. Mari Luz Alejok 41 urtez egin zuen lan enpresa horretan eta duela gutxi hartu zuen aurretiazko erretiroa. 200 bat lagun bildu dira eta bost minutuko isilunea gorde dute, pankartarik gabe.  Atsekabetuta agertu dira eta lankide ohiaren  eta haren amaren hilketak gogor gaitzetsi dituzte.

_____________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo biktimaren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu 016 telefono zenbakira (doakoa da eta ez du arrastorik uzten fakturan).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Tratu txarrak Azken ordukoa Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Delituak bideoak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Abadiño Matxismoa gaur Erailketak albisteak Durangaldea azken ordukoa