Gizartea -
Indarkeria futbolean
Hiru anaia atxilotu dituzte, Jimmyren hilketaren harira
Hiru anaiek lotura dute Frente Atleticorekin. Gutxienez, horietako bik hilketarekin zerikusirik dutela uste du Poliziak.
Erredakzioa
Frente Atletico talde erradikalarekin lotura duten hiru anaia atxilotu dituzte asteazkenean Madrilen, Pozuelo de Alarcon herrian, Francisco Javier Romero Taboada 'Jimmy' Deportivoko zalearen hilketarekin zerikusirik izan dezaketelakoan.
El Mundo egunkariak eta elconfidencial.com webguneak jakinarazi dutenez, gutxienez hiru anaia horietako bik Jimmyren heriotzarekin zerikusi zuzena izan zutela uste du Poliziak. Iturri ofizialek ez dituzte baieztatu atxiloketok.
Antza denez, igandean Atleticoko eta Deportivoko zaleen arteko borroka jendetsuaren irudiei esker identifikatu dituzte susmagarriak. Gainera, Frente Atleticoko beste kide batzuek seinalatu ei dituzte.
Borrokaren ostean, 21 pertsona atxilotu zituzten, baina Jimmyren hiltzaileak ez daudela horien artean ohartarazi zuen guardiako epaileak. Atxilotu horiek aske daude jada, baina karguak egotzi dizkiete.
Jimmyren hileta
Deportivoko zalea atzo hilobiratu zuten, Coruñako (Galizia) Feans hilerrian.
Aurretik, Riazor Blues taldeak haren aldeko pankarta bat jarri zuen tanatorioan.
Hiletara 300 pertsona inguru bertaratu ziren, Augusto Cesar Lendoiro Deportivoko presidente ohia tartean.
Jimmy Riazor Blues taldeko Los Suaves atalaren bandera batekin hobiratu zuten.