Gizartea -
EAE
Ia 5.000 emakume Ertzaintzaren babespean, indarkeria matxistagatik
Egun, Araban 636 emakume daude Ertzaintzaren zaintzapean, 2.512 Bizkaian eta 1.617 Gipuzkoan.
Erredakzioa
4.765 emakumek jasotzen dute Ertzaintzaren babes motaren bat indarkeriaren baten biktima direlako, iazkoaren antzeko kopurua.
Segurtasun Sailak ohar baten bidez zabaldu duenez, segurtasun-neurri aipagarrienen artean Bortxa telefonoa ageri da, 1.103 biktimei esleitutakoa.
Gainera, 34 emakumek eskolta pertsonala dute, eta 31 kasutan eskumuturreko elektronikoa erabiltzen da. Lurraldeka, Araban, 636 emakume daude babespean, 2.512 Bizkaian eta 1.617 Gipuzkoan.
2000az geroztik, Ertzaintzak emakumeen kontrako tratu txarrak aurreikusteko eta horiei aurre egiteko jarduera-prozedura arautuak ditu, eta egungo protokoloak 2006an jarri ziren martxan.
Horien artean, arriskuen ebaluazio-sistema da azpimarragarriena, Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean osatu zena eta Europan ekimen aitzindari izendatu dutena. Arriskua neurtzeko prozedura hainbat aldiz ikuskatu eta hobetu da; azkena, 2013an.
Halaber, Ertzaintzak kasu bat antzematen duen bakoitzean, informatikoki erregistratzen du, etxeko indarkeriako edo indarkeria matxistako espediente batean.
Une horretatik aurrera, biktimari babes aktiboa ematen dio euskal poliziak, lotutako arrisku maila gorabehera eta epaileak kasua ebatzi duen ala ez gorabehera. Egun, 4.765 emakume dago egoera horretan: 636 Araban, 2.512 Bizkaian eta 1.617 Gipuzkoan. Duela urtebete, Araban 575 kasu zeuden erregistratuta, 2.537 Bizkaian eta 1.634 Gipuzkoan. Alegia, Euskadin, guztira, 4.746 ziren.
Etxeko indarkeria edo bestelako indarkeria matxistako espediente bakoitzak kasuaren historia osoa jasotzen du: elkarrizketak, salaketak, agindu judizialak edota bestelako aplikazio informatikoek emandako datuak, besteak beste.
Era berean, kasurik larrienetan babesa areagotzeko eta izapide judizialak arintzeko, tratu txarrak jasandako emakumeari ertzainek epaitegira laguntzea eskaintzen zaie, lehen izapide judizialak gauzatzeko. Gainera, gizarte-zerbitzuekin harremanetan dago Ertzaintza, adin txikiko seme-alabei arreta eskaintzeko, tratu txarrak gertatzen direnean.
Horren ildotik, arriskua lau mailatan sailkatzen da: oinarrizkoa, hala-holakoa, handia eta berezia. Ebaluazioa etengabekoa da; hau da, arrisku-maila aldakorra da, biktimaren edo erasotzailearen baldintzak aldatu ahala.
Biktima guztiek jasotzen duten lehen segurtasun-neurria autobabesari buruzkoa da. Aurrez aurreko saio bat da, bideo bat erakutsi eta informazio- eskuorri bat ematen dena. Lehen ekintza horren ondoren dator aldian behingo telefono-deien bidezko ikuskapena.
Aurretik aipatu bezala, Ertzaintzak Bortxa larrialdietarako telefono-zerbitzua eskaintzen du tratu txarrak jasandako emakumeentzat. Terminal horrek lotura zuzena du Ertzaintzaren koordinazio-zentroarekin, larrialdi kasuetarako, eta kasuaz arduratzen den ertzain-etxearekin.
Gainera, Eusko Jaurlaritzak tratu txarrak edo sexu-erasoak jasandako emakumeei eskaintzen dien 24 orduko arreta-zerbitzuaren 900 840 111 telefonorako sarbide erraza ahalbidetzen du. Era berean, besteak beste, GPS bidezko kokapena duen alarma aktibatzeko funtzioa du. Egun, 1.013 dira lanean diharduten terminalak: 171 Araban, 465 Bizkaian eta 377 Gipuzkoan.
Neurrien artean, hainbat zaintza-lan daude, espedienterik larrienetan, eskolta pertsonala edukitzea ekarri dezaketenak. Egun, 34 emakumek daukate eskola pertsonala: 5 Araban, 14 Bizkaian eta 15 Gipuzkoan.
Kasu batzuetan, agindu judiziala medio, erasotzaileari eskumuturreko elektronikoa esleitu ohi zaio, urruntze-agindua betetzen dela bermatzeko. Ertzaintzak, koordinazio-zentroen bidez, gailu horien alarma-abisuak kudeatzen ditu. Egun, mota horretako 31 eskumuturreko daude aktibatuta: 2 Araban, 21 Bizkaian eta 8 Gipuzkoan.
Ertzaintzak arlo horretan egindako lana organismo adituek aztertzen dute. Halaber, Ertzaintzak berak emandako arretari buruzko inkestak egiten dizkie biktimei beraiei.
Azkenik, Ertzaintzak lankidetza protokoloak ezarri ditu udalekin eta mankomunitateekin, eta lankidetza egonkorra du beste polizia-kidego batzuekin informazioa trukatzeko. Lankidetza hori funtsezkoa da batik-bat beren bizitokia behin-behinean edo behin betiko lurralde batetik bestera aldatzen duten biktimen kasuetan.
Horrez gain, emakume biktimen arreta hobetzeko erakundearteko hitzarmenaren jarraipenerako batzordearekin, Emakunderekin eta Jaurlaritzako hainbat departamenturekin etengabeko harreman eta lankidetza bideratzen du Ertzaintzak.