Gizartea -

Bilbo

Koldo Losadaren senarra Basauriko espetxera bidali du epaileak

Jon Ezkurdia epailearen esku utzi dute ostiral honetan. Ertzaintzak aktorearen heriotza ikertzen jarraitzen du.

Atxilotuak ez die ertzainen galderei erantzuten

1:37

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jon Ezkurdia, Koldo Losada aktorearen senarra, espetxera bidali du epaileak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez. Ezkurdia Basaurik kartzelan sartu dute 23:45ean.

Koldo Losada aktorearen senarra epailearen esku utzi dute arratsaldean. Losada hilik agertu zen iragan asteazkenean. Ertzaintzak Ezkurdia atxilotu zuen, krimenaren egilea zelakoan. Ezkurdia epailearen aurrera eraman dute 20:00etan. Ertzaintzak aktorearen heriotza ikertzen jarraitzen du.

EiTBk jakin duenez, atzemandakoak ez du bere gain hartu hilketa, zenbait hedabidetan hala esan badute ere, eta ez du ertzainen aurrean deklaratu nahi izan. "Ez du ikertzaileekin kolaboratu nahi", azaldu dute Ertzaintzako iturriek.

Nolanahi ere, bikotearen etxean topatutako aztarnak eta eraikinaren inguruko kaleetan dauden segurtasun kamerek grabatutako irudiak aztertu ostean, hilketaren erantzulea Koldoren senarra izan daitekeela uste du Ertzaintzak.

Horrez gain, kudeatzen zuen tabernako hornitzaileetako batzuekin zorrak zituela eta Koldoren txartelarekin zenbait aldiz diru kantitate txikiak atera zituela jakinarazi dute aipatu iturriek.

Bestalde, ikertzaileek oraindik ez dakite nola hil zen Koldo. Gorpuak kolpe bat du, baina ez dakite zerk eraginda.

Atzo goizaldean topatu zuten aktorearen gorpua, indarkeria zantzuekin. Ertzaintzak Losadaren bikotekidea atxilotu zuen atzo bertan, hilketarekin zerikusia izan dezakeela eta.

54 urteko gizonezkoa, aktore izandakoa bera ere, Bilboko taberna baten jabe da eta atzo arratsaldean, bezeroei eskerrak eman eta taberna betiko itxita geratuko zela jakinarazi zien. Susmo txarra hartu zuten lagunek, eta haiek topatu zuten Losada hilik etxean.

Krimena egiteko arma etxebizitzaren inguruetako edukiontzietan bila aritu dira agenteak, bikotearen txakurra etxebizitzatik hurbil dagoen edukiontzi batean aurkitu baitute, hilda.

Ados Teatroa taldeko kide zen gaur egun, eta aurretik, besteak beste, 'Goenkale' telesailean (2005-2006) eta No controles (2010) eta El abuelo que saltó por la ventana y se largó (2013) filmetan egin zuen lan.

Jaurlaritzak "atsekabea" adierazi du

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak "atsekabea" agertu du Koldo Losadaren heriotza "dramatikoa"ren aurrean.

Gasteizko Gobernuak goratu egin du aktoreak "zineman, antzerkian eta telebistan egindako ibilbidea", eta "denon memorian" izango dela adierazi du.

Halaber, Losada "profesionaltasun eta malgutasun adibidea" zela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Indarkeria matxista Espainian