Gizartea -
Gertakaria
Miguel Ortegaren bilaketa oihartzun zabala izaten ari da sarean
77 urteko gasteiztarra astelehenetik dago desagertuta. Etxekoek Twitter kontu bat (@buscarmiguel) zabaldu dute, bilaketari buruzko azken berriak jakinarazteko eta laguntza eskatzeko.
I.A. | EITB.EUS
Miguel Ortega gasteiztarraren bilaketan buru-belarri murgildu dira txiolariak. Alzheimerra du eta astelehenetik dago desagertuta 77 urteko gizonezkoa. Arabako hiriburuan bizi da eta han ikusi zuten azkenengoz. Etxekoek Twitter kontu bat zabaldu dute, @buscarmiguel izenekoa: bertan, bilaketaren inguruko azken berriak zabaltzeaz gain, herritarren laguntza eskatzen dute. Profila martxan jarri orduko, oihartzun zabala izan du txiolarien artean. Honako txioak, esaterako, 2.600 bertxio izan ditu: "Laguntzerik bai? Nire aita astelehenean desagertu zen etxetik eta ezin dugu aurkitu".
Beste txio honek ere, 2.900 bertxio baino gehiago izan zituen. "Nire aitak etxetik kanpora laugarren gaua pasatuko du gaur. Zuen laguntzarekin, azkena izango da".
Bien bitartean, Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak ohiko bilaketa-lanekin jarraitzen dute Arabako hiriburuaren inguruetan. Madril eta Bilbora ere zabaldu dute bilaketa. Gizonaren argazkia eta deskripzioa jasotzen dituen kartelak zabaldu dituzte han eta hemen.
Gasteizko Arana auzokoa da desagertuta dagoen gizonezkoa; 1,72 metroko altuera du eta 80 kilo inguru pisatzen ditu. Bilaketan lagungarri izango den informaziorik izanez gero, 112 edo 092 telefonoetara deitzeko deia egin du Segurtasun Sailak.