Gizartea -
Nazioarteko saria
Fisikako Nobel Saria, LED argien asmatzaileentzat
Akasaki, Amano eta Nakamura irakasle japoniarrak saritu nahi izan ditu Suediako Akademiak, " ingurugiroa errespetatzen duen energia iturri eraginkorra" asmatzeagatik.
Erredakzioa
Isamu Akasaki eta Hiroshi Amano irakasle japoniarrak eta japoniar jatorriko Shuji Nakamura irakasle estatubatuarrak 2014ko Fisikako Nobel Sariarekin nabarmendu ditu Suediako Zientzien Akademiak, LED (ingelesez, diodo argi igorleen siglak) argiak asmatzeagatik.
Steffan Normak Akademiako idazkari iraunkorrak egin du sariaren iragarpena, zuzenean eskainitako agerraldi batean.
Akademiak ohar batean azaldu duenez, "ingurugiroa errespetatzen duen energia-iturri eraginkorra" asmatzeagatik saritu ditu hiru irakasleak.
Akasakik, Amanok eta Nakamurak 90eko hamarkadaren hasieran atzemandako LED argiek "iraultza ekarri zuten argitzeko teknologien alorrean". Hala, Suediako Akademiaren arabera, "besteek kale egin duten horretan arrakasta izan dute hiru japoniarrek".
Energia-iturri eraginkorra izateaz gain, LEDek ingurugiroa errespetatzen dute eta "Lurraren errekurtsoak aurrezten" laguntzen dute. Izan ere, azaldu dutenez, LEDek 100.000 orduko bizi-iraupena dute, goritasun-lanparek 1.000 ordukoa, eta fluoreszenteek 10.000koa.