Gizartea -
Madril
Ustezko pederasta 'ikaragarri lasai' dago
Antonio Ortizek bere etxearen miaketan parte hartu du, eta behin baino gehiagotan galdetu die agenteei ea zer egiten duen bertan.
Erredakzioa
Antonio Ortiz, atzo Santanderren atxilotu zuten ustezko pederasta, "ikaragarri lasai" egon da komisaldegian atxilotuta igaro dituen lehenengo 30 orduetan, eta behin baino gehiagotan galdetu die agenteei ea zer egiten duen bertan.
Alfonso Jose Fernandez Madrilgo poliziaburuak Antena 3 katean azaldu duenez, "atxilotu arraroa da. Delituetan esperientzia duen beste edozein urduri eta egoera horretatik ateratzeko irrikaz egongo zen. Baina hau ikaragarri lasai dago".
Fernandezek azpimarratu du oraindik ez dutela atxilotua galdekatu, eta behin eta berriz galdetu diela ea zer egiten duen bertan.
Horren esanetan, atxilotu zutenean bere eskubideen berri emandakoan, ez omen zen urduritu eta lasai egon zen.
Bestalde, poliziaburuak jakinarazi du hiru pederasta eta exhibizionista batzuk atxilotu dituztela Ciudad Lineal Madrilgo barrutiko pederasta bilatzeko operazioan. Halaber, horren arabera, duela bi aste identifikatu omen zuen Poliziak ustezko pederasta, kalean egiten ari ziren kontrol batean.
Horren harira, epaiketaren giltza izan litekeen DNA lagin bat dutela esan du Fernandezek, baina ez du xehetasun gehiago eman, sumarioa sekretupean dagoelako.
Miaketek, aurrera
Espainiako Polizia Madrilgo Hortaleza auzora joan da gaur, Ortizekin batera, ustez bortxaketak egiteko erabiltzen zuen etxea miatzera.
Poliziak beste etxe bat miatu zuen atzo auzo horretan bertan, atxilotuaren amaren etxea omen zena.