Gizartea -
Epaiketa
Getxoko hilketaren ustezko egileak errugabea dela esan du
Epaiketako lehen saioan gezurtatu egin du hasiera batean egindako deklarazioa eta biktima hiltzeko erabili ziren artaziak bereak ez zirela azpimarratu du.
Erredakzioa
Getxon 20 urteko mutil bat hiltzea egotzitako 25 urteko gizonaren aurkako epaiketa hasi da gaur Bizkaiko Probintzia Auzitegian. Lehendabiziko bertsioan biktima hiltzeko erabili ziren artaziak bereak zirela adierazi bazuen ere, epaiketaren lehen saioan ukatu egin du hiltzailea bera dela. Ofiziozko abokatuak aholkatuta esan omen zion hori instrukzioko epaileari, gaur azaldu duenez.
Gertakariak maiatzaren 4tik 5erako goizaldean jazo ziren, iaz, Algortako lonja batean antolatutako festa batean. Fiskaltza eta akusazio partikularraren arabera, akusatuak eta biktimak 14 urte zituztenetik ezagutzen zuten elkar, eta ez zuten harreman onik.
Festan, akusatuak borroka bat izan zuen, baina biktimak ez zuen parte hartu. Alabaina, gau horretan beste liskar bat izan zen, eta akusatuak eta biktimak elkar jo zuten.
Jaiaren antolatzaileek festa bertan behera uztea erabaki zuten. Biktima eta haren bikotekidea kalera atera ziren, eta, handik gutxira, akusatua hurbildu zitzaion, irainka eta mehatxuka, eta artaziak sartu zizkion bularraldean.
DYAko langileak azkar bertaratu ziren, baina mutila ia berehala hil zen. Fiskaltzak 14 urteko kartzela-zigorra eskatu du, homizidioa leporatuta; akusazio partikularrak, berriz, 20 urteko espetxealdia, hilketa izan zela argudiatuta. Defentsak absoluzioa eskatu du.
Akusatuaren azalpenak
Akusatuak aitortu du lokal horretan bi borroka izan zirela eta bietan parte hartu zuela, eta bigarrenean biktimak ezer esan barik jo egin ziola esan du. Horren bertsioaren arabera, kalean berriro egin zuten topo elkarrekin, eta berriro egin zuten borroka, "biktimak mehatxu egin ostean".
Akusatuak berretsi egin du berak ez zuela hil. Gau horretan izandako beste liskar batzuen ondorioz larri zaurituta zegoela, eta berarekin borrokan ari zela erori eta hil zela esan du.
Biktimaren bikotekideak ere deklaratu du gaurko saioan, bionbo baten atzean babestuta. Akusatuak bere mutil-lagunari artaziak nola sartu zizkion ikusi zuela eta bera ere zauritu zuela nabarmendu du.
Epaiketak datozen egunetan jarraituko du eta litekeena da ostiralean ebazpenaren zain geratzea.