Gizartea -
Aste nagusia
Gizon bat hil da Bilbon uretara jausita, txosnen parean
Inguruan zeuden zenbait pertsona uretara sartu dira gizonak arazoak zituela ikusita, baina ezin izan diote lagundu, hondoratu egin baita.
Erredakzioa
30 urteko gizon marokoar bat hil da gaur Bilbon errekara jausita, Aste Nagusiko txosnen parean, Segurtasun Sailak zabaldu duenez.
Gertaera 05:45ean izan da. Gizona Areatzako zubitik erori da Bilboko itsasadarrera.
Arazoak zituela ikusita, inguruan zeuden zenbait pertsona uretara sartu dira, baina ezin izan diote lagundu, hondoratu egin baita.
Bilboko suhiltzaileen urpekariek topatu dute gorpua, Erripako kaiaren parean, erori den lekutik hurbil.
Larrialdi zerbitzuak suspertzen saiatu dira, baina ordurako hilda zegoen. Hilotza Bilboko Institutu Anatomiko Forentsera eraman dute.
Ertzaintzak ikerketa bat hasi du, gertaeraren nondik norakoak argitzeko.