Gizartea -
Genero indarkeria
Jendetza bildu da Donostian emakume baten aurkako erasoa salatzeko
Erasoa salatzeko, elkarretaratzea egin dute arratsaldean, Bulebarrean. 'Denok goza dezagun. Eraso sexistei erantzun!' lelopean, ehunka lagun bildu dira. Donostiako Udalak bat egin du deialdiarekin.
Erredakzioa
Emakume batek gaur, igandea, goizaldean sexu-erasoa jasan duela salatu du, Donostian, Segurtasun Sailak zabaldu duenez. Gertakari hori salatzeko, elkarretaratzea egin dute igande arratsaldez Donostian, Boulebard inguruan.
Biktima etxeko atarian zegoela, Donostiako Amara Berri auzoan, gizonezko bat hurbildu zaio, ahoa estali dio eta ukituak egiten hasi zaio.
Emakumeak askatzea lortu du eta oihu egiten hasi da; orduan, gizonak ihes egin du, eta, orain, Ertzaintza erasotzailea identifikatzeko lanean ari da.
Gertaeraren ondoren, emakumeak salaketa jarri du Ertzaintzaren polizia-etxean, 07:30etan.
Elkarretaratzea
Kontzentrazioan Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea eta Naiara Sampedro Berdintasun zinegotzia izan dira, beste buruzagi batzuen artean.
Manifestazioa deitu duten elkarteen izenean, ordezkari batek persona orok jaiez gozatzeko daukan eskubidea aldarrikatu du, "kalea eta gaua denonak direlako". Aldi berean, erasotzaileen aurka autodefentsa feminista erabiltzailearen alde agertu dira.
Protesta bukaeran, Donostiako alkateak adierazi du horrelako erasoek ez dutela lekurik "ez jai hauetan ez eta beste inon. Ez Donostian ez eta munduko edozein tokitan". Izagirrek nabarmendu du mota horretako gertakarien aurrean "oinarrizkoa" dela gizartearen erantzuna, "ingurua aktibatzeko eta ematen ari den gizarte erantzuna emateko".
Udalak, Ertzaintzak gertatutakoaren berri eman ostean, bat egin du mugimendu feministak eta Piraten mugimenduak gaur arratsalderako deitu duten elkarretaratzearekin. Aste Nagusirako sexu-erasoen aurkako protokoloa adostu dute bi mugimendu hauek.
Elkarretaratzea arratsaldeko 18:30etan izan da Donostiako Bulebarrean. 'Denok goza dezagun. Eraso sexistei erantzun!' lelopean, ehunka lagun bildu dira.
Erasoak salatzera
Donostiako Udalak dei egin du "horrelako erasoak salatzera, eta herritar guztiei dei egiten die, jarrera edo eraso sexista guztien aurrean, erantzun aktiboa izatera".
Naiara Sampedro Berdintasun zinegotziaren hitzetan, garrantzitsua da emakumeak erasotzaileari aurre egin izana eta erasoa salatu izana: "Orain arte hilketak eta bortxaketak gertatzerakoan erakusten zuen jendarteak gaitzespena, baina aurrerapauso bat ematen ari gara sexu-eraso saiakera bat ere gaitzesten ari garenean".