Gizartea -
Vatikanoan
Elizak abusuetan izandako jarrera barkatzeko eskatu du aita santuak
Apaizek egindako sexu-abusuen sei biktimarekin bildu da, banan-banan, Frantzisko aita santua.
Erredakzioa
Aita santuak barkamena eskatu du Eliza Katolikoak sexu-abusuen aurrean "ez-eginezko bekatua" egiteagatik. Horren hitzetan, abusuak "krimen larriak" dira.
Frantzisko aita santua apaizen sexu-abusuen sei biktimarekin bildu da, eta "hitz gogorrak" esan ditu erasoen kontra, Vatikanotik aditzera emandakoaren arabera.
Biktimak nortzuk diren ez dute zehaztu, baina bai hiru gizonezko eta hiru emakumezko direla, bi alemaniar, bi ingeles eta bi irlandar. Guztiak aita santuak bere etxean, Santa Martan, emandako mezan egon dira.
Ondoren, aita santuak elkarrizketa pribatua izan du biktima bakoitzarekin, itzultzaile baten laguntzarekin, Federico Lombardi Vatikanoko bozeramaileak azaldu duenez.
"Aurrerapauso garrantzitsua da, garbiketaren eta adiskidetzearen bidean", esan du Lombardik.
Frantzisko aita santuak Lur Santura egindako bidaiatik bueltan iragarri zuen gaurko bilera. "Abusuak jasan dituzten pertsona batzuekin meza egingo da Santa Martan. Ondoren, haiekin bilduko naiz. Haiek eta ni", esan zuen. Gainera, bilera pribatua izango zela nabarmendu zuen, ez baitira hamar bat pertsona baino gehiago izango bertan.
"Biktimetako bi Alemaniakoak dira, beste bi Ingalaterrakoak edo Irlandakoak, ez dut ondo gogoratzen. Aurrera egin behar da gai honetan. Zero tolerantzia".
Adingabekoen Tutoretzarako Batzordea igande honetan bildu da, bigarrenez. Martxoan eratu zuen Frantziskok, eta Sean O'Malley kardinala da horren presidentea. O'Malleyk iragarri duenez, asmoa da "prozesu garbiak" garatzea, errudun guztiek, maila guztietakoek, "egindakoagatik ordain dezaten".
Aurrekariak
Benedikto XVI.a 2008ko apirilaren 17an bildu zen apaiz pederasten abusuen biktima batzuekin, Washingtonen. Lehen aldiz bildu zen orduan aita santua era horretako abusuen biktimekin.