Gizartea -
Uholdeak
Perituak astelehenean hasiko dira kalteak neurtzen Baztanen
Elizondoko Udalak osoko bilkura egingo du, Estatuko Gobernuari gunea "hondamendi-eremua" izendatzeko eskatzeko asmoarekin; igande honetan beste auzolan bat egin dute herrian.
Erredakzioa
Aseguratzaileen perituak astelehenean hasiko dira neurtzen uholdeek Baztanen utzitako kalteak. Bitartean, Elizondoko Udalak osoko bilkura egingo du, Estatuko Gobernuari gunea "hondamendi-eremua" izendatzeko eskatzeko asmoarekin; Nafarroako Gobernuak ere gestio hori bera du abiatuta larunbatetik. Auzokoek, euren aldetik, beste auzolan bat egin dute herrian, igandean, normaltasuna ahalik eta lasterren berreskuratzeko.
Begoña Sanzberro Baztango Udaleko zinegotzi eta Nafarroako Gobernuko Herri Garapeneko kontseilari ohiak larunbatean esan zuenez, hainbat egun beharko dituzte kateak zehatz-mehatz zenbatekoak diren jakiteko; izan ere, "herri erdiguneak kontrolpean ditugu, baina udalerria horren zabala izanda, batera eta bestera jo beharko dugu kalte guztien berri jasotzeko", zehaztu zuen.
Elizondoko liburutegia hustu behar izan zuten, eta herriko osasun-zentroa ezgaituta geratu zen (Iruritan jaso zituzten bertako erabiltzaileak). Lokal komertzialetan, etxebizitzetan eta udal-bulegoetan izan ziren kalteak; Doneztebeko industrialdea ere hustu behar izan zuten, ez uholdeengatik baizik eta urak eragindako arazoengatik (hodi batzuk apurtu ziren).
Ibaiaren emaria, markakoa
Baztan ibaiaren emariak bere marka hautsi zuen. Oharrizeko estazioan 1985etik neurtzen dute, eta 2009ko eta 2011ko uholdeetan jasotako datua gainditu egin zuen. Ostiraleko 5:00etan 0,4 metroko altuera zuen; 9:50ean, aldiz, 4 metrokoa.
Francisco Perez Arregui Toki-Administrazioko zuzendari nagusia bailaran barrena ibili zen larunbatean, eta oinarrizko azpiegituretan kalte handiak egon direla ikusi zuen. Dena dela, bere esanetan, "zoriontzekoa da ezbehar pertsonalik ez egotea" .