Gizartea -
Uholde larriak
Nafarroak Baztan 'hondamendi-eremu' izendatzeko gestioak hasi ditu
"Zoriontzekoa da ezbehar pertsonalik ez egotea", esan du Francisco Perez Arregui Toki-Administrazioko zuzendari nagusiak.
Erredakzioa
Nafarroako Gobernuak hasi ditu Estatuko Gobernuak Baztanen ostiraleko uholdeetan kaltetutako guneak hondamendi-eremu izenda ditzan eskatzeko gestioak. Kalteen lehen azterketa eginda hartu du erabakia.
Francisco Perez Arregui Toki-Administrazioko zuzendari nagusia bailaran barrena ibili da gaur, eta oinarrizko azpiegituretan kalte handiak egon direla ikusi du. Dena dela, bere esanetan, " zoriontzekoa da ezbehar pertsonalik ez egotea" .
Perez Arreguik esan duenez, Elizondon eta Erratzun daude kalterik handienak. Elizondon, denda eta komertzioetan, etxeetan eta eta udal-bulegoetan eragin ditu kalteak urak, batez ere. Erratzun, berriz, bost bide guztiz hondatu dira eta zailtasun handiak daude baserri batzuetara heltzeko. Zubi batzuek eta hainbat basetxek ere kalte handiak dituzte.
Toki-Administrazioko zuzendari nagusia Arizkunen eta Elbeten ere egon da, baina zehaztu duenez, oraingoz ezinezkoa da uholdearen ondorio ekonomikoak baloratzea.
Lur jota eta hunkituta
Baztandarrak lur jota, baina aldi berean hunkituta ere esnatu dira gaur, uholdeak eragindako hondamendiari aurre egiteko hainbat lekutatik jaso duten elkartasuna ikusita. Gaur, larunbata, kalteak zenbatzen hasteko eguna dute Nafarroako bailaran. Ostiral goizean, ibaiak gainezka eginda, txikizio ugari izan ziren, batez ere Elizondon.
Elizondon, ibai ondoko eremuetan garbiketa lanetan diraute gaur. Dena dela, egoera egonkortu da "atzo lehenengo minututik lan bikaina egin zelako", esan du Begoña Sanzberro Baztango Udaleko zinegotzi eta Nafarroako Gobernuko Herri Garapeneko kontseilari ohiak.
Sanzberroren hitzetan, "kalte pertsonalei buruzko fasea bukatu da jada”, eta orain bigarren fasea etorriko da, kalteak zenbatzeko fasea, alegia. "Hasi dugu, baina hainbat egun beharko ditugu kateak zehatz-mehatz zenbatekoak diren jakiteko", azaldu du zinegotziak.
Halaber, Elizondoko etxe eta lokal partikularretan normaltasunera itzultzeko denbora gehiago beharko dela adierazi du; izan ere, "han eta hemen makinak kaltetu dira, eraikin askoren barruko hormak erori dira, dendetako leihoak hautsi eta hiri altzari ugari erabili ezinik geratu dira".
"Hori guztia ezin da egun batetik bestera konpondu. Lehenengo eta behin hondakinak kendu behar dira, dendetatik materiala atera. Prozesu konplexua da", esan du Sanzberrok.
Kalte pertsonalak eta materialak
Sanzberro zinegotziaren esanetan, "kalte pertsonalei buruzko fasea bukatu da jada”, eta orain bigarren fasea etorriko da, kalteak zenbatzeko fasea, alegia. "Hasi dugu, baina hainbat egun beharko ditugu kateak zehatz-mehatz zenbatekoak diren jakiteko. Izan ere, herri erdiguneak kontrolpean ditugu, baina udalerria horren zabala izanda, batera eta bestera jo beharko dugu kalte guztien berri jasotzeko".
Azpiegitura publikoek jasandako kalteak Nafarroako Gobernuak zehaztu behar ditu, bereziki Ingurumen eta Sustapen departamentuak. Ondasun partikularretan izandako kalteak, berriz, aseguru-etxeek zehaztu beharko dituzte. Atzo bertan hasi ziren lan horrekin.
Sanzberroren hitzetan, helburua "ahalik eta epe motzenean normaltasunera itzultzea da, eta kaltedunak lasaitzea, prozesua martxan dagoela eta aurrerapausoak eman direla ikus dezaten".
Sazberrok Baztango bizilagunek egindako lana goraipatu du, "elkar lagundu dute eta lasai egon dira, berehala lanean jartzeko".
Horrez gain, Nafarroako Gobernuaren eta Segurtasun eta Salbamendu taldeen arteko koordinazioa oso ona izan dela azpimarratu du: "elkarlana ona izan da eta, horri esker, ez da kalte pertsonalik egon".
Baztango bailara Nafarroako zabalena da, 376 kilometro koadro ditu, eta hamabost herrik osatzen dute. Atzo, zenbait ekaitzen ondorioz, kalte handiak izan ziren azpiegitura publikoetan eta ondasun partikularretan.
Hildako bat Ipar Euskal Herrian
Ipar Euskal Herrian, 84 urteko pertsona bat zendu zen urak eramanda, Izura eta Arhantsusi artean. Autoa gidatuz zubi bat igarotzen ari zela eraman zuen urak.
Krisi kabinetea deitu zuten atzo prefeturan. Bertatik adierazi zutenez, Nafarroa Beherean etengabe aritu izan ziren lanean 300 suhiltzaile, horietako asko Lot-et-Garonatik eta Landetatik etorriak.
Baigorri, Donapaleu eta Donibane Garazi errepidez ia inkomunikaturik egon ziren.
Baigorrin helikopteroa gora eta behera aritu zen inkomunikatuta egon ziren guneetan gorabehera larririk zegoen jakiteko, eta zenbait teilatutan jendea ikusi zuten.
Errobi eta Uhaitzandi ibaiek eta bien ibaiadarrak gainezka egin zuten toki askotan.
40 pertsona atera zituzten euren etxetik hainbat udalerritan kanoaz eta helikopteroz, eta 3.000 etxebizitza argindarrik gabe geratu ziren.