Gizartea -
Uholde larriak
Uholde larriak Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian
Uholde larriak izan dira ostiral honetan Nafarroa iparraldean eta Ipar Euskal Herrian, eta kalteak zenbatzen ari dira orain. Pertsona bat hil da Izura eta Arhantsusi artean, uholdeen ondorioz.
Erredakzioa
Azken orduotan Euskal Herrian bota duen euriak arazo larriak eragin ditu Nafarroa iparraldean eta Ipar Euskal Herrian, batez ere. Iparraldean gizonezko bat hil da autoan zihoala urak eramanda.
Goizeko uholdeen ostean, kalteak zenbatzeari eta garbiketa lanei ekin diete arratsaldean. Elizondon, adibidez, auzolanean ari dira herria garbitzen.
Kalteak handiak izan dira bertan eta, besteak beste, saltoki asko suntsituta geratu dira. Ondorioz, genero guztia galdu dute hainbatek. Arratsaldean, prentsaurrekoa eman du Baztango Udalak, eta bertan esan dute larunbat goizean udal bulegoak irekiko dituztela, bizilagunak bertaratu daitezen eta eman beharreko pausoen inguruan informazioa jaso dezaten. Gainera, Udalak goizeko 09:00etarako deitu ditu bizilagunak, auzolanean herria garbitzen jarraitzeko. Erratzun ere deialdia egin dute, garbiketari auzolanean jarraitzeko.
Aseguru-etxeen perituk goizean Elizondon izan diren arren, astelehenean jasoko dituzte bizilagunen parteak. Bien bitartean, argazkiak ateratzeko eskatu diete.
Astelehenerako bilkura berezia deitu du Udalak eta Baztan Hondamendi Eremua izendatzeko eskatuko du.
"Ekaitz konbektibo geratua" izeneko fenomenoa
Baztan ibaiak gainezka egin du goizaldean, eta uholde larriak eragin ditu ibarreko herrietan, Elizondon batez ere, bertan maila goreneko alerta ezarri baitute.
3,95 metroko altuerara iritsi da Baztan ibaia, "ekaitz konbektibo geratua" deritzon fenomeno bat dela eta, zonalde jakin batean euri asko egin baitu. Gorramendin metro koadroko 107 litro utzi ditu ekaitzak: horietatik 37, 5:50 eta 6:50 artean.
Goizak aurrera egin ahala, emaria jaisten hasi da, eta itxita zeuden errepideak normaltasunera itzultzen hasi dira. 14:20an, N-135 (Iruña-Frantzia), NA-2600 (Erraztu-Frantzia) 2. kilometroan eta NA-2330 (Urroz-Erro) errepideak soilik zeuden kaltetuta.
Uholdeen ondorioz, Elizondoko udaletxea urez bete da eta Elbete zubia itxi egin behar izan dute. Izan ere, bertan jo du gogorren denboraleak.
Larrialdi zerbitzuek bi pertsona erreskatatu behar izan dituzte goizean, kalean harrapatuta geratu ostean, eta horietako batek zauria egin du eskuan.
Lekarozen, etxebizitza bat urez bete da eta bertan zegoen pertsona atera egin behar izan dute.
Mortalengo erretenak ere gainezka egin du, eta baserri baten barruraino sartu da ura.
Elizondoko liburutegia eta osasun zentroa ere jendez hustu dituzte. Azken hori, gainera, erabili ezinda geratu da egun batzuetarako. Hala, osasun arreta Iruritan emango dute.
Urpekarien erreskateak
Larrialdi zerbitzuetako urpekariek zaharren egoitza bateko langile bat erreskatatu dute goizaldean, eraikinaren sotoan harrapatuta geratu baita uholdeen ondorioz.
Javier Morras Barne kontseilariak Iruñean emandako prentsaurreko batean azaldu duenez, uholdeek ez dute Nafarroan hildakorik utzi, baina arrisku handiko bi erreskate egin behar izan dituzte Elizondon; aipatu langilearena, eta udal igerilekuko beste behargin batena. Azken hori txalupaz atera dute.
Morrasen arabera, 05:50 eta 06:50 artean botatako "aparteko euri-jasa baten ondorioz" izan dira uholdeak.
"Herritarrei etxetik ez ateratzeko esan diegu"
Garbiñe Elizegi Baztango alkateak Euskadi Irratian adierazi duenez, "herritarrei etxetik ez ateratzeko eta kotxeak ez hartzeko" deia egin diete goizean, badaezpadako neurri gisa.
Elizegik esan du ibaiak "bat-batean" egin duela gainezka, "10-15 minutuan dena urez beteta" zegoela. Udaletxea ere urez bete da, eta langileak bertan harrapatuta geratu omen dira hasieran.
Baztango alkateak aitortu du egoera "nahiko" zaila izan dela, dena horren azkar izanda, "ezertarako denborarik eman ez" duelako.
Barcina Elizondon
Yolanda Barcina Nafarroako presidentea Elizondon izan da arratsaldean, Juan Luis Sanchez de Muniain bigarren presidenteordearekin eta Javier Morras Presidentzia, Justizia eta Barne ministroarekin. Uholdeak gehien kaltetu duten herria da Elizondo. Barcinak adierazi duenez, "kalteak ebaluatzeko eta normaltasuna berreskuratzeko lan egiteko garaia da".
Arazoak Nafarroako beste leku batzuetan
Era berean, Doneztebeko industrialdea ere jendez hustu dute, baina uholdeengatik baino gehiago, euriak hoditeria hautsi duelako.
Iruñean, euriek oso egoera txarrean utzi dute zorua, eta, ondorioz, ez dituzte zezen gehiago ukuiluetara eramango hilaren 6ra arte.
Bestalde, uholdeei aurre egiteko alerta maila gorena ezarri ondoren, N-121-B errepidea (Oronotz-Mugairiko irteera) itxi egin dute, Baztan ibaiak gainezka egin duelako, baina erreietako bat ireki dute ondoren, uraren mailak behera egin ostean.
Azpiegituretan ere arazoak sortu ditu euriak Gartzain, Erratzu, Luzaide eta Arizkun udalerrietan. Azken horretan haur kanpaleku bat jendez hustu dute.
Nafarroa hegoaldean arazoak izan dira errepidean Cascante eta Ribaforada artean eta Andosillako zeharkalean, ur-putzuen ondorioz.
Uholdeak ipar isurialdean izan direnez, ura iparraldera joan da, eta ez du hegoaldean eragin handirik izango. Hala ere, Arga ibaia oso hazita igaro dira Iruñetik.
Atzo arratsaldean Sagastetan izan ziren uholdeak, eta tximista baten ondorioz sutea piztu zen Arantzako baserri batean.
Hildako bat Ipar Euskal Herrian
Ipar Euskal Herrian, 84 urteko pertsona bat zendu da urak eramanda, Izura eta Arhantsusi artean. Autoa gidatuz zubi bat igarotzen ari zela eraman du urak.
Krisi kabinetea deitu dute prefeturan. Bertatik adierazi dutenez, Nafarroa Beherean etengabe aritu izan dira lanean 300 suhiltzaile, horietako asko Lot-et-Garonatik eta Landetatik etorriak.
Baigorri, Donapaleu eta Donibane Garazi errepidez ia inkomunikaturik egon dira.
Baigorrin helikopteroa gora eta behera aritu da inkomunikatuta egon diren guneetan gorabehera larririk dagoen jakiteko, eta zenbait teilatutan jendea ikusi dute.
Errobi eta Ühaitza ibaiek eta bien ibaiadarrak gainezka egin du toki askotan.
40 pertsona atera dituzte euren etxeetatik hainbat udalerritan kanoaz eta helikopteroz, eta 3.000 etxebizitza argindarrik gabe geratu dira.
Alerta laranja ezarri dute goizaldean, baina berandu ezarri dutela kritikatu dute askok.