Gizartea -
LOMCE
Uriarte: ‘Wertek ez ditu gauzak zehaztu eta ez dago adostasunik’
Hezkuntza sailburuak adierazi du ez daudela prest dirua Europatik mailegu moduan jasotzeko, horrek eragin zuzena izango baitu EAEk bete beharreko defizit kopuruan.
Erredakzioa
Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak adierazi du Jose Ignacio Wert Espainiako ministroak ez dituela gauzak zehaztu eta ez dela adostasunik lortu arratsaldean erkidegoetako hezkuntza arduradunekin LOMCEren inguruan egindako bileran.
“Dirua Europatik mailegu moduan jasotzen bada, horrek eragin zuzena izango du Euskal Autonomia Erkidegoak bete beharreko defizit kupoan, eta ez gaude horretarako prest”, azaldu du Uriartek.
Luciano Alonso ministro andaluziarrarekin eta Ana Gonzalez asturiarrarekin batera, Eusko Jaurlaritzako sailburuak zalantzak dituela adierazi du, ez baitago argi LOMCEk jasoko duen finantziazioak zer-nolako eragina izango duen erkidegoen kontuetan.
Wert ministroak argitu duenez, erkidegoek Europako Funts Sozialaren eskutik jasoko duten dirua ez da zor edo defizit publiko gisa hartuko.
Espainiako Hezkuntza ministroaren aburuz, zorrak gora egingo du hasieran, baina erkidegoek Europako funtsaren gastua justifikatzean, amortizatu egingo da, kopuru berdinagatik kreditu bat sortuko baita.
Uriartek zalantzak argitzeko eskatu dio Werti, erkidego bakoitzak “zein egoeratan” dagoen jakin dezan.