Gizartea -
Eutanasia Frantzian
Gaixo bat hiltzen uztea agindu du Frantziako Estatu Kontseiluak
Emaztea egoera begetatiboan dagoen senarra hiltzen uztearen aldekoa zen, baina gaixoaren gurasoak kontra agertu ziren eta auzitara jo zuten.
Erredakzioa
Vicent Lamberti zainketa aringarriak eteteko eta, ondorioz, hiltzen uzteko agindua eman du gaur Frantziako Estatu Kontseiluak. Lambert egoera begetatiboan dago duela sei urtetik. Kasu honek eutanasiari buruzko eztabaida berpiztu du Frantzian.
Lamberten emaztea senarra hiltzen uztearen aldekoa zen, eta medikuen babesa zuen. Baina pazientearen gurasoak kontra agertu ziren eta auzitegira jo zuten.
Frantziako Estatu Kontseiluak har zezakeen erabakia aurreikusita, Lamberten gurasoek Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegian helegitea aurkeztu zuten aipatutako epaia baliogabetzea eskatuz. Europako Auzitegiak datozen egunetan emango du bere erabakiaren berri.
Estatu Kontseiluko 17 epaileek legezkotzat jo zuten Lamberti zainketa aringarria etetea eta, ondorioz, elikagaiak eta ura artifizialki ez emateko medikuek hartutako erabakia. Horretarako, aintzat hartu zuten, besteak beste, inoiz egoera begetatiboan izango balitz, bizirik mantentzearen aurka agertu izana Lambert, istripua izan aurretik.
Lamberten kasuak eutanasiaren eztabaida berpiztu du Frantzian, eta agerian gelditu dira bi jarrera kontrajarriak.
Lambert 32 urteko erizaina zen 2008an, eta egoera begetatiboan geratu zen, auto-istripu baten ondorioz. Orduz geroztik, makinekin lagunduta elikatzen da. Begiak baino ez ditu mugitzen eta mina sufritzen du, baina medikuek ezin izan dute egiaztatu esaten zaiona ulertzen duen ala ez.
Legea aintzat hartuta, mediku taldeak Lambert artifizialki bizirik ez mantentzeko erabakia hartu zuen 2013ko apirilean. Alabaina, hilabete geroago, haren gurasoek auzitegira jo zuten erabaki horren kontra. Medikuen arabera, ezinezkoa da Lambertek onera egitea, eta hark egiten dituen keinuak kontuan izanda, ez duela bizirik jarraitu nahi ondoriozta daiteke.
Lamberten emaztea, sei anai-arreba nahiz beste senide eta lagun batzuk iritzi berekoak dira; izan ere, egoera horretan bizirik egon nahi ez lukeela ziur adierazi dute. Hala ere, Lamberten gurasoak eta bi anaia kontra azaldu dira, egoera terminalean dagoen gaixo bat ez dela argudiatuta.