Gizartea -

Ustezko bahiketa

Haur baten lau orduko ustezko bahiketa ikertzen ari dira Madrilen

Haurra 23:15ean aurkitu zuten, azken aldiz ikusi zuten tokitik zazpi kilometrora. Oso izututa, baina itxuraz osasun egoera

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Polizia jatorri txinatarreko sei urteko neskato baten ustezko bahiketa ikertzen ari da Madrilen. Haurra Madrilgo Ciudad Lineal distrituan ikusi zuten azkenekoz atzo zazpiak aldera, eta lauzpabost ordu geroago hainbat kilometrora agertu zen, oso izututa, baina osasun egoera onean.

Espainiako Poliziaren iturriek jakinarazi dutenez, auzoko batek emakume txinatar bat negarrez ikusi zuen arratsaldeko zortziak aldera, haren dendaren inguruetan. Zer gertatzen zitzaion galdetzera hurreratu zen eta ordubete lehenago sei urteko haurra jolastera irten zela eta ez zela itzuli esan zion.

Auzokoak Poliziari deitu zion eta haurraren gurasoek salaketa jarri zuten, eta haurra bilatzeko lanak hasi zituzten.

Zorionez haurra onik aurkitu zuten 23:15ak aldera Madrilgo Jazmin kalean, desagertu zen tokitik zazpi bat kilometrora. Samurreko medikuek artatu eta osasun etxe batera eraman zuten osasun azterketa bat egin ziezaioten. Antza denez, oso izututa, baina osasun egoera onean zegoen neskatoa.

Espainiako Polizia apirilean ordu batzuez bahituta egon zen neskatoaren kasuarekin harremanik ote duen aztertzen ari da, dena den, Poliziak ez du oraingoz hipotesirik baztertzen. Apirilean gizonezko batek bederatzi urteko neskato bat bahitu zuen ordu batzuez Madrilen, eta oraindik gizonezkoaren bila ari da Polizia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea