Gizartea -
25 metrotik behera erori zen
EHUn hildako langileak ez zuen lan-kontraturik, CCOOren arabera
Euskadiko CCOOk izapideak zabaldu ditu familiak dagozkion kalte-ordainak jaso ditzan. Sindikatuaren arabera, erantzukizun handiena Lan Ondo Multiservicios SL enpresak izan behar du.
Erredakzioa
Maiatzaren 20an EHUren instalazioetan lanean ari zela 25 metrotik behera erorita hil zen langileak ez zuen lan-kontraturik, eta ez zen autonomoa, CCOO sindikatuak salatu duenez.
Langilea Portugaleteko Lan Ondo Multiservicios SL enpresaren aginduetara jarduten zen, eta Euskal Herriko Unibertsitatean istripua izan aurretik ere enpresa horretan lanean aritutakoa zen, sindikatu horren esanetan.
Euskadiko CCOOk izapideak zabaldu ditu familiak dagozkion kalte-ordainak jaso ditzan. Sindikatuaren arabera, erantzukizun handiena Lan Ondo Multiservicios SL enpresak izan behar du, berak agindu baitzion langileari lan hori egitea.
Gainera, sindikatuak salaketa jarriko du enpresa horretako administratzaileen kontra, "oso larria delako langile bat 25 metrora igotzera behartzea lan-kontraturik egin gabe eta segurtasun neurririk izan gabe".
Sindikatuaren esanetan, segurtasunaren eta lan-osasunaren artean izan beharreko koordinazioan "akats larria" izan da, EHUk Gaimaz enpresari eman baitzion teilatua konpontzeko lana, eta enpresa horrek aipatutako enpresa (Lan Ondo Multiservicios SL) azpikontratatu baitzuen.
Euskadiko CCOOren ustez, agerikoa da EHUk erantzukizuna duela istripuan, ez duelako egiaztatu bere instalazioetan lan egiten duten langileek segurtasun neurriak betetzen dituztela, eta ez duelako arreta jarri segurtasunaren eta lan-osasunaren artean izan beharreko koordinazioan.
EHUk bazekien sabai-leihoak baldintza eskasetan zeudela, ohartarazi du CCOOk; izan ere, sindikatuaren hitzetan, EHUko CCOOk 2009an ohartarazi zuen aipatutako sabai-leihoa konpondu beharra zegoela, Segurtasun eta Osasun Batzordearen akta batean jasotzen denez.
Bestalde, Unibertsitatea "enpresa nagusia" izanda, "segurtasun neurri guztiak egiaztatzeko eta bermatzeko arduraduna da", adierazi du ELA sindikatuak.
Unibertsitateak segurtasun eta prebentzio neurriak hartu zituztela defendatzea "oso larria" dela salatu du sindikatu abertzaleak, "hildako langilea bertan zenik ezagutzen ez zuelako".
EHUren erantzuna
EHUk ohar bat igorri du hedabideetara, CCOOk egindako salaketaren ostean, eta aipatzen duenez, EHUk "Gaimaz enpresako langileen baldintzak gainbegiratu zituen, unibertsitatera sartzean, baldintzak baieztatzeko pertsonalak egindako akten bidez".
Gainera, gaineratu duenez, "EHUk ez du jakin bestelako enpresa batzuek esku-hartu zutela, orain abiarazitako ikerketen berri izan arte".
Segurtasun arloan izan beharreko erantzukizunaren inguruan, EHUk esan du "erantzukizuna enpresari" dagokiola eta "lanetan jarduten diren azpikontratatutako enpresei".
Unibertsitatearen arabera, gainera, "sabai-zuloen egoerak ez du zerikusirik ezbeharrarekin".
Goirizelaiaren agerraldia eskatu du EH Bilduk
Iñaki Goirizelaia EHUko errektorearen agerraldia eskatu du EH Bilduk Eusko Legebiltzarraren Enplegu batzordean. Lan-istripuaren nondik norakoak azaltzea nahi du koalizio abertzaleak.
Arri Zulaika EH Bilduko legebiltzarkidearen hitzetan, Unibertsitatea "azpikontratazio katearen azken arduraduna da, horregatik, erakundearekin lan egiten duten enpresak nola kontrolatzen dituen argitu beharko du; lan segurtasunerako baldintzak, prebentzio arauak eta lan hitzarmenak bete behar dituztelako".