Gizartea -
Eremu naturalak
Gaztelugatx, natur eremu ederrena hautatzeko bozketan hirugarren
Estatuko natur eremu ederrenak hautatzeko bozketan hirugarren tokian dago Gaztelugatx. Lehiaketan parte hartzen dutenek lan-eskaintza bat jasotzeko aukera izango dute.
Erredakzioa
Estatuko zazpi natur eremu ederrenak hautatzeko bozketan hirugarren tokian dago oraingoz Gaztelugatx Bermeoko uhartetxoa. Dagoeneko 35.000 pertsonak eman dute botoa lehiaketa horretan.
Oraingoz, Somiedoko Parke Naturala (Asturias), Las Médulas (Leon) eta Katedralen hondartza (Lugo) dira boto gehien jaso dituztenak.
Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren inguruan, internautek 7maravillas.es webguneak aurrez aukeratu dituen hogei eremu naturaletako hiru hautatu beharko dituzte ekainaren 8a baino lehen.
Allianz Global Assistancek antolatu duen lehiaketa honetan parte hartzen dutenen artean "esploratzaile" izateko lan-eskaintza bat zozkatuko da. Toki eder horiek bisitatu eta, liburu bat idatziz, gainerakoei horien edertasuna erakusteko ardura izango du.
Pertsona honek argazkilari, kamerari eta community manager batekin bidaiatuko du, leku horiek guztiak ikusi eta erretratatzeko asmoz.
Oraingoz, hauek daude zerrenda horretako lehen postuetan: Somiedoko Parke Naturala (Asturias), Las Médulas (Leon), Katedralen hondartza (Lugo), Iratiko basoa (Nafarroa); Gata lurmuturreko Parke Naturala (Almeria); Fuente Dé (Kantabria); Gaztelugatx (Euskadi); Uharte Atlantikoetako Parke Nazionala (Galizia); Ruiderako urmaelen Parke Naturala (Gaztela-Mantxa) eta Timanfaya Parke Nazionala (Kanariak).
Erabiltzaileek euren proposamenak babestu ditzakete sare sozialen bidez, #7maravillas hashtaga erabiliz.
Aurrez aukeratutako 20 lekuen artean, hauek daude: Teide, Doñanako Parke Nazionala, Tinto ibaia, Antequerako El Torcal, Monfragüeko Parke Nazionala, Piedrako monasterioa, Montejoko pagadia, Dracheko kobak, Montserrateko mendigunea eta Albuferako Parke Naturala.