Gizartea -

Lan istripua

Langile bat hil da liburutegiko teilatutik erorita Leioako campusean

Langilea, arnesik gabe zela, 25 metrotik behera erori da, eta lekuan bertan hil da. Ezbeharra eguerdian gertatu da, EHUko campusaren liburutegi inguruan.

Biktima 15 metroko altueratik erori da liburutegiko patiora. Argazkia: EiTB
Biktima 15 metroko altueratik erori da liburutegiko patiora.
Biktima 15 metroko altueratik erori da liburutegiko patiora. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Langile bat hil da EHUren Leioako (Bizkaia) campuseko teilatu batetik behera erorita, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Ezbeharra 12:00ak aldera gertatu da, langilea teilatuaren gainean lanean ari zenean. Liburutegi inguruko teilatuaren gainean zegoen, eta 25 metrotik behera erori da liburutegiko patiora.

45 urteko behargina, arnesik gabe zihoala, ezbeharra gertatu den lekuan bertan hil da, eta mediku batek baieztatu du heriotza, EHUko iturriek azaldu dutenez.

Istripua gertatu denean jendez lepo zegoen liburutegia, eta jendez hustu eta hesitu egin dute.

Euskal Herriko Unibertsitateko Canpus arteko Segurtasun eta Osasun Batzordea asteazken honetan bilduko da, gertatutakoa aztertzeko.

Unibertsitatearen arabera, lehengo astean baliotu zituzten lan horrekin zerikusia zuten segurtasun neurri guztiak, "beraz, are eta ulertezinagoak dira istripua gertatzeko baldintzak".

EHUk istripu hau argitzeko konpromisoa azaldu du, baita "hori geratzeko erantzukizunak identifikatzearena" ere.

Kontzentrazioak

Lan istripu honen aurrean, EHUk asteazken honetarako, 12:00etan, kontzentrazio isilak deitu ditu hiru canpusetan.

Bestalde, LAB, STEE-EILAS eta ELA sindikatuek langilearen heriotza salatu dute, eta unibertsitateko langileek bat egin dezaten asteazken honetan, 12:00etatik 13:00era ordubeteko lanuztea deitu dute. Halaber, Leioako canpuseko Mikel Laboa plazan 12:00etatik 12:30era egingo den kontzentrazioa ere izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea