Gizartea -

Ustezko iruzurra

Hezkuntza Saila Lanbide Heziketarako sarrera-azterketa ikertzen ari da

Ikaskuntza zuzendariak azaldu duenez, bi batzorde sortu dituzte, matematika proba berrikusteko eta usteko filtrazioa aztertzeko.  Ikerketaren emaitza asteburua baino lehen izatea aurreikusi du.

Irudirik gabe
Irudirik gabe
Irudirik gabe

Oihana Jauregi / Eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maiatzaren 8an goi-mailako hezkuntza zikloetan sartzeko azterketa egin zuten milaka ikaslek salaketa aurkeztu dute Jaurlaritzak egindako azterketetan ustezko iruzurra izan zela argudiatuta. Ikasleek dagoeneko 7.000 sinadura bildu dituzte irregulartasunak salatzeko. Astearte goizean Bilbon bildu dira, jende gehiagok bat egitea lortzeko.

Ikasleen arabera, ezustea matematika proban hartu zuten, azken sei urteetan egindakoen eta aurtengo proba prestatzeko erabilitakoen antzik ere ez zuelako.

Ramon Martinez de Murgia Heziketa eta Ikaskuntza zuzendariak Euskadi Irratiko 'Mezularia' saioan azaldu duenez, gai horren ildora bi batzorde sortu dituzte, alde batetik, matematika proba berrikusteko, ea galderak ondo dagozkien ikasgai-zerrendari, eta, bestetik, froga filtratu den ala ez jakiteko. Azken talde hori ia ebidentziarik al dagoen aztertzen ari da.

Martinez de Murgiaren hitzetan, "argazkia noiz atera den jakin nahi dute, aurrez edo beranduago".

Azterketak WhatsApp bidez filtratu egin zituztela salatu dute. Bertsio kontrajarriak daude: Pertsona batzuek azterketen probak hasi baino ordu batzuk lehenago bueltaka zebiltzala diote, beste batzuek, aldiz, hurrengo egunean jaso zutela.

"Irudia noiztik dagoen jakin beharra dago, eta batzordea horretan ari da", nabarmendu du Martinez de Murgiak.

Halaber, ardurak eta gertatutakoa ez errepikatzeko neurriak hartuko dituztela jakinarazi du, ustez gertatu dena ziurtatuz gero, proba errepikatzeaz gain.

Azterketaren inguruko erabakia asteburua baino lehen hartzea aurreikusi du, dagoeneko azterketak zuzentzen hasi direla kontuan izanda.

"Trabarik jartzeko asmorik ez dugu"

Matematika azterketari dagokionez, galderak aurreko urteetan baino zailagoak izan al diren galdeginda, aurten beste era batera aurkeztu dituztela erantzun du. "Lanbide Heziketara jendea etortzeko arazorik ez dago, ikasleak behar ditugu, trabarik jartzeko asmorik ez dugu", azpimarratu du.

Horrez gain, eredu berriak ikasleak behar den maila akademikoarekin iristea duela helburu gaineratu du Martinez de Murgiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAE Gizartea Gaurko titularrak Albisteak Hezkuntza sistemako albisteak Lanbide Heziketa