Gizartea -
Maiatzetik aurrera
Osakidetzak langileen aurkako erasoak saihesteko batzordea sortuko du
Iaz 403 eraso egin zizkieten Osakidetzako profesionalei eta horietatik % 26 fisikoak izan ziren (106).
Erredakzioa
Osakidetza euskal zerbitzuak maiatzean ala ekainean eratuko du langileei eginiko erasoen aurka lan egiteko batzorde berezia. Sindikatuekin batera, eraso horiei nola aurre egin aztertuko dute aipatu lantaldean.
Jose Maria Armentia Osakidetzako Giza Baliabideetako arduradunak agerraldia egin du Legebiltzarrean, osasun arloko langileek iaz pairatutako erasoen inguruko datuak azaltzera.
Iaz 403 eraso egin zizkieten Osakidetzako profesionalei eta horietatik % 26 fisikoak izan ziren (106). Eraso guzti horietatik 124 erizainek jaso zituzten, 112 medikuek eta 91 osasun laguntzaileek. Eraso horiek jaso dituzten % 76 emakumeak dira. Halaber, 403 salaketetatik 297 "haserrealdiak" izan ziren, lesio fisikorik ez eragin psikologikorik izan ez zuten erasoak.
Osakidetzako zentroei dagokienez, gehien Basurtuko ospitalean (62) eman ziren, Bilbon (61), Arabako Ospitalean (40), Gurutzetan (35) eta Bizkaiko buru osasunean (31).
Dagoeneko martxan dauden protokolo eta neurriak indartzeko lanean jarraituko dutela esan du Armentiak.
Gogoratu duenez, langileen arrisku “emozionala” murriztea 2013-2016 eperako planaren helburuetako bat da eta, horretarako, trebakuntza neurriak aurreikusi dituzte. Horrez gain, osasun arloko langileeganako “errespetua” sustatzeko kanpainak ere martxan jarriko dituzte.