Gizartea -
Donostia 2016
Aldundiak 'batasun instituzionala' eskatu du Nogeras gezurtatzeko
"Itziar Nogerasen dimisioak eragindako krisiak irtenbide bakarra du: denok batera aurrera jarraitzea", azaldu du Gipuzkoako Aldundiak ohar batean.
Erredakzioa
Ikerne Badiola Gipuzkoako Aldundiko Kulturako diputatuak esan duenez: "Nogerasen dimisioak sortutako krisiak irtenbide bakarra du: elkarrekin aurrera egitea. Patronatuak, instituzio guztiak, bat egin behar dugu hiriburutzaren erronka arrakastatsua izatea nahi badugu".
"Itziar Nogerasek salatu duen alderdikeria gezurtatu nahi badugu, hemen dugu aukera, denok elkarrekin indarrak metatu behar ditugu gelditzen zaizkigun hogei hilabeteetan", gaineratu du.
Aldundiaren ustez, oraingo krisiak egitasmoa sendotzeko eta indartzeko balio behar du, eta ostiral honetan 2016 Patronatuak deitu duen premiazko bileran horrela azalduko du.
"Ezin da ahaztu Patronatuaren azken bileran, Itziar Nogerasen dimisioak itzalean utzi bazituen ere, garrantzizko erabakiak hartu zirela", nabarmendu du.
Hori horrela izanik, Aldundiak krisi hau lehenbailehen itxi eta proiektua sendotzeko lan egin dezatela eskatzen die Patronatuko beste kideei, alderdiei eta hiritar guztiei, "proiektua arrakastatsua izan dadin garaiz gabiltzalako".