Gizartea -

Donostia 2016

Itziar Nogerasek bere kargua mahai gainean jarri du

"Proiektuaren mesederako, erabakia berriz pentsatzea eskatu diote Itziar Nogerasi", azaldu du Patronatuko bulegoak agiri batean.

Itziar Nogeras. Artxiboko irudia: EFE
Itziar Nogeras. Artxiboko irudia: EFE
Itziar Nogeras. Artxiboko irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Itziar Nogeras Donostia 2016ko zuzendari nagusiak bere kargua mahai gainean jarri du Europako Kultura Hiriburuaren Patronatuko bileran.

Nogerasek gaurko bileran bere erabakiaren berri eman duela jakitera eman du Donostia 2016ko bulegoak agiri batean. Gipuzkoako hiriburuan bilera egin dute Patronatua osatzen duten erakundeek (Udala, Gipuzkoako Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Kultura Ministerioa).

"Proiektuaren mesederako, erabakia berriz pentsatzea eskatu diote Itziar Nogerasi", azaldu du Patronatuko bulegoak agiri batean.

Nogerasek ezustean prentsaurrekoa deitu du 14:00etarako, baina lau ordu geroago eta zenbait atzerapenen berri eman ostean, azkenean ez du agerraldirik egin.

Prentsaurrekoa bertan behera zergatik geratu den ez du azaldu Donostia 2016ko bulegoak, eta agiri bat plazaratu behar zutela jakinarazi du. Prentsa oharra 22:00ak aldera argitaratu dute.

Hala ere, Nogeras kargua mahai gainean jartzera bultzatu duten arrazoiak ez dira agirian zehazten. Horrela, kargura heldu eta zazpi hilabete geroago postua utzi nahi du zuzendariak.

Ildo nagusiak

2016ko Patronatuak kultura egitasmoaren ildo nagusiei babesa eman die bileran. Proiektua talde teknikoak aurkeztu du. Era berean, sei kontratazio berri onartu ditu Patronatuak, eta baita kultura programako koordinatzailearen figura sortzea ere.

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Cristina Uriarte Kultura sailburuak Patronatuko bileran parte hartu dute. "Proiektuaren aldeko apustu irmoa" egin du Patronatuak, bulegoak agirian azaldu duenez.

Nahiz eta Nogerasek bileraren hasieran bere kargua mahai gainean jarri, "Patronatuak lanean jarraitu du, hartu beharreko erabakiak premiazkoak zirelako eta proiektua garrantzitsua delako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea