Gizartea -
Duintasunaren martxak
Aske utzi dituzte M22an atxilotutako lagun guztiak, bat salbu
Azken atxilotu horri behin-behineko espetxealdia ezarri diote. Hainbat lagun bildu dira astelehen honetan Castillako epaitegien aurrean, atxilotuak aske uztea eskatzeko.
Erredakzioa
Larunbatean Madrileko Duintasunaren Martxetan atxilotutako 19 lagun epaile aurrera eraman dituzte astelehen honetan, eta horietatik 18 aske geratu dira, karguekin. Azken atxilotuari, berriz, behin-behineko espetxealdia ezarri diote, lesioengatik.
Hasierako informazioaren arabera, 24 ziren larunbatean atxilotutako lagunak baina, Poliziak astelehen honetan argitu duenez, 21 dira azkenean (gainerako hirurak identifikatu baino ez zituzten egin). 21 horietatik hainbat adingabeak ziren; ondorioz, 19 lagun deklaratu dute gaur auzitegietan. Sei orduko saioaren ondoren, 18 aske geratu dira, karguekin, eta beste atxilotuari, berriz, behin-behineko espetxealdia ezarri diote.
Atxilotuei hainbat delitu egotzi dizkie Poliziak, besteak beste agintaritzaren kontrako delituak, desordenak eta kalteak.
Duintasunaren martxetako kide batek kazetariei azaldu dienez, atxilotuek tratu ''iraingarri'' eta ''ankerra'' jasan dutela salatu dute aske geratu diren lehen legunetako bik. Horien arabera, ez zieten urik eman, eta une zehatz batean ''alde bakarrera begiratzea'' baino ez zieten uzten, mugitzeko askitasunik gabe.
Hainbat lagunek atxilotuak aske uztea eskatu dute
Astelehen honetan ehunka lagun bildu dira Castilla plazako epaitegi aurrean, larunbatean atxilotutako lagunak aske uztea eskatzeko. Halaber, Poliziaren jarrera salatzeko hainbat salaketa jarri dituzte.
Besteak beste, Willy Toledo aktorea eta Diego Carromero SAT sindikatuko ordezkaria izan dira elkarretaratze horretan.
Poliziak ikerketa abiatuko du
Polizia Nazionalak joan den larunbateko istiluetako operazioaren inguruko ikerketa abiatuko du, agenteek eta Polizia-sindikatuek gertatutakoa kritikatu ondoren.
Manifestarietako batek barrabiletako bat galdu du, gomazko pilotakada baten ondorioz.