Gizartea -
CISen barometroa
PP eta PSOE behera, eta IU eta UPyD gora
Mariano Rajoyk (2,22ko puntuazioarekin) zein Alfredo Pérez Rubalcabak (3rekin) gero eta kalifikazio baxuagoa dute hiritarrek emandako notaren arabera.
PP eta PSOEren boto estimazioa inoizko baxuena da CISek argitaratu duen inkestaren arabera. Txostenean azaltzen denez, gainera, IUren eta UPyDren babesa sendotu da eta alderdi handietako buruzagienganako gero eta konfiantza gutxiago dute hiritarrek.
CISn inkestaren arabera (urtarrilaren 3tik 15era egin zuten galdeketa), behin abortuaren erreforma publiko eginda, Alderdi Popularrak bi puntu galdu ditu eta gaur hauteskundeak egingo balira, botuen %32,1 lortuko luke, urriko %34rekin alderatuta. 2011ko hauteskundeetako datuekin konparatuz, 12 puntu gutxiago lortuko lituzke eta serie historikoo emaitzarik txarrena da.
PSOEk ere antzeko egoera bizi du, ez baitu indarra hartzea lortzen.
Bestalde, IUk eta UPyDk hautesleen babesa sendotu dute. Cayo Lararen koalizioak urrian lortu zuen babes bera jaso du -11,3- eta 2011ko hauteskundeetatik bost puntu irabazi dituzte eta Parlamentuko hirugarren indar gisa sendotuz.
Rosa Diezen alderdiak ere indarra hartzen du inkestaren arabera: 2011tik emaitza onena lortuz, puntu eta erdi igo da eta urriko 7,7tik 9,2ra joan da. Ia PPk galdu duen ehuneko bera.
Buruzagien balorazioa
Mariano Rajoy Gobernuko presidentea (10etik 2,22ko puntuazioarekin) zein Alfredo Pérez Rubalcaba (3rekin) gero eta baxuago daude hiritarren konfiantzari dagokionean. Bitartean, Rosa Diezek du balorazio altuena.
Gobernuko ministroek ere emaitza eskasak lortu dituzte CISen emaitzen arabera: batek ere ez du gainditu eta Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroa eta Cristobal Montoro Ogasunekoa dira balorazio baxuena dutenak, 1,42rekin eta 1,4rekin, hurrenez hurren.
Politikariengan konfiantzak behera egin du, baina CISen barometroaren arabera, hiritarrak gero eta larrituago daude ustelkeria dela eta. Espainiarrentzat, bigarren arazo larriena da ustelkeria, langabeziaren ostean.
Horrela, langabezia da hiritarrentzat arazo larriena -%78,5ek aipatzen du-, ustelkeriaren, iruzurraren (39,5), arazo ekonomikoen (30,5), eta politikarien eta alderdi politikoen (26,5) aurretik.