Gizartea -

Zarauzko hilketa

Alaba itsasora bota zuen gizona erruduntzat jo du herri-epaimahaiak

Gainera, 22 urteko kartzela zigorra eskatu dute. Defentsak, aldiz, zigorrik txikiena jartzea eskatu du, erruduntzat jo duten bi delituetan.

18 urteko haurra 2010. urtean hil zen. EiTB.
18 urteko haurra 2010. urtean hil zen. EiTB.
18 urteko haurra 2010. urtean hil zen. EiTB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

18 hilabeteko alaba Zarautzen itsasora botatzeaz akusatutako gizonezkoa hilketa delituagatik erruduntzat jo du herri-epaimahaiak. Horrez gain, emazte ohiari mehatxu egiteagatik ere errudun jo dute.

Epaimahaiak arratsaldeko azken orduan eman du bere erabakiaren berri, bi eguneko eztabaidaren ostean. Lehen eguenean, epaimahaiko kide bat gaixotu egin zen eta ordezko batek hartu zuen bere lekua.

Erabakia irakurtzen bukatu dutenean, bista txiki bat egin dute bi aldeek euren eskaerak epaimahaiak hartutako erabakiari moldatzeko. Epaimahaiko kideek kontuan izan dute akusatua ahaidetasunaz eta denbora eta lekuaren ezaugarriez baliatu zela hilketa egiteko.

Gauzak horrela, Fiskaltzak eta Clara Campoamor herri-akusazioak 22 urteko kartzela zigorra eskatu dute. Defentsak, aldiz, zigorrik txikiena jartzea eskatu du, erruduntzat jo duten bi delituetan.

Gurasoen arteko eztabaida

Epaimahaiak bat egin du Ministerio Publikoaren bertsioarekin. Horren arabera, gertaera akusatuaren eta bikotekidearen arteko eztabaida batekin hasi zen, Eibarren, 2010eko urriaren 5ean. Eztabaida horretan, gizonezkoak mehatxua egin zion emakumezkoari: hil egingo zuela esan zuen, hurrengo goizean etxebizitzan jarraitzen edo alaba berarekin eramanez gero.

Emakumezkoak ez zuen emandako epea agortu eta gau hartan bertan joan zen etxetik, beste semearekin batera. Alaba aitarekin utzi zuen.

Bikotea alokairuan bizi zen eta hurrengo egunean, etxebizitzaren jabeak akusatua etxetik bota zuen, alokairuaren kontratua emakumezkoaren izenean zegoelako.

Txabola

Gauean, gizona Zarautzen urrutiko leku batean zuen txabola batera joan zen alabarekin, eta biek han igaro zuten gaua.

Fiskaltzaren bertsioaren arabera, gauean bertan, akusatuak alaba esnatu zuen eta itsas-pasealekura doazen eskailerak jaitsi zituen, "itsasotik gertuen dagoen eremura joan zen" eta "haurra bota egin zuen, hiltzeko asmoz".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea