Gizartea -
Eskola Publikoen Jaia
Euskal Eskola Publikoaren Jaia Balmasedan egingo dute 2014an
"Gorantz goaz, GO, GO!" leloa aukeratuta, Enkarterrietan euskara eta euskal eskola publikoaren eskaria hazten ari dela aldarrikatu nahi izan dute.
Erredakzioa
2014ko Euskal Eskola Publikoaren 23. Jaia Balmasedan ospatuko dute ekainaren 1ean. Antolatzaileen esanetan, familiei "jai eremu euskalduna" eskainiko diete eta Enkarterrietan euskararen erabilera handitzea da helburua.
Euskal Herriko eskola publikoetako Gurasoen Konfederazioak eta Enkarterrietako eskola publikoek elkarlanean antolatuko dute jaia "Gorantz goaz, GO, GO!" lelopean. Antolatzaileek ohar bidez jakinarazi dutenez, enkarterrietan euskara eta euskal eskola publikoaren eskaria hazten ari dela aldarrikatu nahi izan dute lelo horrekin.
Helburuetako bat euskararen erabilera Enkarterrietan handitzea da, eta horretarako ikastetxeek eta guraso elkarteek zeregin garrantzitsua dute, antolatzaileen arabera.
Enkarterrietako euskal eskola publikoetan 2.500 ikasle dituzte eta, egunetik egunera, "beharrak handituz doaz".
Halaber, eskualdearen beharrak azaldu dituzte: Gueñesen institutu berria eraiki zain daude, Zallako eskola "bere gehienezko edukieratik gertu dago" eta Sopuertan lehen hezkuntzako ikasketak izateko borrokan ari dira.