Gizartea -

Profila

Biografia: Manu Leguineche, gerra kazetari eta bidaiari nekaezina

Asteazken honetan hil da 72 urterekin Madrilgo Madrilgo Fundación Jiménez Diaz ospitalean hil da, gaixotasun luze baten ondorioz.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Manuel Leguineche gerra kazetari ezaguna asteazken honetan hil da Madrilgo Fundación Jiménez Diaz ospitalean, gaixotasun luze baten ondorioz.

Arrazuan jaio zen 1941eko irailaren 29an, baina Guadalajarako Brihuega herrian bizi zen. Gaztela-Mantxako Gobernuak aitorpena egin zion eta semetzat hartu zuen.

Zuzenbide eta Filosofia ikasketak egin zituen eta Kazetaritzan ere lizentziatua zen. 18 urte zituela munduan barrena bidaiatzen hasi zen, lehendabizi, Europan lan batzuk egin zituen eta, geroago; AEBetako kazetari batzuekin batera lur orotako ibilgailu batean munduari bira eman zion, eta horri buruzko El camino mas corto liburua argitaratu zuen.

Kazetaritzan, Bilboko "Gran Via" aldizkarian aritu zen, eta geroago Madrid egunkarian zebilela Vietnamgo gerraren berri eman zuen bertatik. El Norte de Castilla egunkarian ere aritu zen, Miguel Delibes zuzendari eta Francisco Umbral lankide gisa zituela.

Gerra kazetari gisa ibilbide oparoa izan du, hastapenetan Aljeriako iraultzaren (1962) eta Indiaren eta Pakistanen arteko gerraren (1965) berri ematea egokitu zitzaion. Geroago, munduko beste hainbat gatazka ezagutu zituen: Vietnam, Libano, Malvina uharteak, Nikaragua, Zipre, Maroko, Bangladesh, Kanbodia, Ekuatore Ginea. Halaber, Peron edota Indira Gandhi elkarrizketatu zituen.

Colpisa agentziaren sortzaileetako bat izan zen eta 1970etik 1982ra bitartean zuzendari izan zen. Cover Prensa, LID, eta Fax Press agentziak ere sortu zituen.

1988an Memorias saioa aurkeztu zuen Euskal Telebistan.

90eko hamarkadaren hasieran Errumaniak diktaduratik demokraziara egin zuen bidearen berri eman zuen, eta Iraketik atera behar izan zuten AEBen bonbardaketen ondorioz.

Bidaiari nekaezina, ehun herrialdetik gora ezagutu ditu publikoari unean uneko gaurkotasunaren berri emateko eta horien inguruko gogoetak dozenaka liburutan argitaratu zituen, besteak beste  El Camino más corto, Sobre el volcán, La Felicidad en la Tierra, La primavera del Este, Adiós Hong Kong, Gibraltar. La roca en el zapato de España o El club de los faltos de cariño. Gainera, 1998an Athletic 100. Conversaciones en la Catedral liburuan parte hartu zuen, baita "Athletic, un siglo de pasión" dokumentalean ere.

Kazetaritzaren maisu honen hainbat sari jaso zituen. Hemen dituzue nabarmenenak: 1980ko Kazetaritza Sari Nazionala; 1984ko Cirilo Rodriguez Saria; 1991ko Julio Camba Saria; Euskal Kazetarien Elkartearen lehendabiziko Saria; 2007ko FAPE Kazetaritza Sari Nazionala edo El Mundoren 2008ko Erreportari Saria.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kazetariak albisteak