Gizartea -
Gatazka Burgosen
Gamonaleko lanak behin betiko geldituko dituztela iragarri du alkateak
Lacallek adierazi duenez, ''askoz garrantzitsuagoa da elkarbizitza'', baina ''bulebarra aitzakia izan da; ez arazoa''. ''Zenbaitek beste helburu batzuekin erabili dituzte lanak'', gaineratu du.
Erredakzioa
Gamonaleko lanak behin behitiko bertan behera utziko dituztela iragarri du Javier Lacalle Burgoseko alkateak, lanekin jarraitzeko ''ezintasuna'' dela-eta. Auzo horretako Vitoria kalea bulebar egitea zuten lanek helburu, eta lan horien kontrako protestak piztu dira hirian. Guztira, 46 lagun atxilotu dituzte protesta horien ondorioz.
Alkateak prentsaurrekoan adierazi duenez, ''auzokideen elkarbizitza 60, 50 edo 40 lan baino garrantzitsua da''. Edonola ere, bulebarrean arazorik ez dagoela eta piztutako istiluak ''aitzakia'' izan direla azpimarratu du. ''Zenbaitek beste helburu batzuekin erabili dituzte lanak'', gaineratu du.
Lacalleren aburuz, lanak bertan behera uztea ez da porrota, kontrakoa baino. ''Ezintasun fisiko baten ondorioz lana egin ezin bada, horrek ez du inolaz ere aldatzen asmoa politikoa'', azaldu du.
Edonola ere, herritarrek ''eraldaketa eta hobekuntza garrantzitsua'' galduko dutela uste du. ''Ulertu dugu mezua eta horren ildotik lanean jarraituko dugu, hiria hobetzeko'', adierazi du.
Autokritika
Dimisioa aurkeztea pentsatu ote duen galdetuta, alkateak zera erantzun du: ''Alkate batek aurrean arazoren bat duen bakoitzean dimisioa eman beharko balu, ez legoke alkaterik Espainian''.
Hala ere, gertatutakoaren ondoren ''autokritika'' egin behar dela gaineratu du Lacallek, ''balitekeelako zerbait gaizki egin izana''.
Bestalde, uko egin du alderdiarengandik presiorik jaso izana eta PPK '''erabateko babesa'' eman diola azpimarratu du.
Kalea, bere onera
Lacallek aurreratu duenez, astelehenean hasiko dira kalea txukuntzen, bere onera itzultzeko.
Hainbat zauritu Burgosen
4.000 bat lagunek hartu dute parte ostiral honetan Burgosen egin duten manifestazioan, auzokideen asanbladak emandako datuen arabera. Protesta horietan hainbat lagun zauritu dira, bi auzokide eta Polizia agente bat. Polizia-etxearen parean izan dira istiluak.
Atxiloketak hainbat hiritan
Gutxienez lau lagun atxilotu dituzte Zaragozan, Gamonalen aldeko protestetan. Valentzian ere beste lau pertsona atxilotu dituzte eta Madrilen, berriz, bost. Halaber istiluak izan dira Bartzelonan, eta Poliziak kargatu egin du.
Euskadik ere bat egin du protestekin
Ehunka lagunek bat egin dute ostiral honetan Euskadin Gamonalen aldeko protestekin. Gasteizen, Bilbon, eta Donostian elkarretaratzeak egin dituzte, alkateak lanak bertan behera utziko dituzte iragarri eta minutu gutxira.
Gasteizen 300 bat lagun bildu dira Andre Maria Zuriaren plazan ''Denok gara Gamonal'' lelopean eta espekulazioaren eta errepresioaren kontrako mezuekin. ''Polizia gutxiago. Gamonal gehiago'' eta ''atxilotuak askatu'' leloan ere entzun dira protestan.
Bilbon Arriaga plazan elkartu dira 500 bat lagun. ''Auzoak ez dira saltzen, defendatzen dira'' eta ''Bai, egin liteke'' leloak entzun dira bertan.
Donostian, berriz, 200 bat pertsona elkartu dira Boulevardean. Gipuzkoako hiriburuko banku batean kalteak eragin dituzte, kolpeekin eta pintadekin.