Gizartea -
Epaiketa
'Aitak ez zuen jarrera desesperatua', adierazi dute ertzainek
Epaiketan deklaratu duten ertzainek adierazi dutenez, "akusatuak zuen jarrera ez zen alaba galdu duen aita batena".
Erredakzioa
Zarauzko gertakaria izan zenean lanean aritu ziren ertzainek deklaratu dute gaur Aicha neskatoaren epaiketan. Epailearen aurrean adierazi dutenez, “alabaren desagerpena salatu ondoren, aitak ez zuen haurra galdu duten pertsonek izaten duten jarrera desesperatua agertu”.
Epaiketaren laugarren saioa egin dute gaur Gipuzkoako Auzitegian. Zinpeko epaimahaiarekin egiten ari dira 2010eko urriaren 7an Zarauzko hondartzan hilda agertu zen 18 hilabeteko neskatoaren judizioa.
Gaurko saioan deklaratu duten ertzainek atzoko jardunaldian parte hartu zuten agenteen ildo berean hitz egin dute. Adierazi dutenez, “44 urteko marokoarrak ez zuen haurra galdu duten pertsonek izaten duten jarrera”.
Ikerketa Montetxio parkean egin zutela esan dute, akusatuak alabarekin parkeko txabola batean lo zegoen bitartean alaba desagertu egin zela esan baitzien.
Inork ez zuen egiazkotzat jo Aicharen aitak esandakoa, “ezinezkoa baitzen haurra bere kabuz zailtasun handiko inguru hartatik ibili izana”. Hondartzara heldu ahal izateko N-634 errepidea igaro behar zuela gaineratu dute ertzainek. “Guk geuk zailtasunak izan genituen linternekin Montetxiotik errepidera doan bidea egin ahal izateko”, adierazi dute.
Defentsaren lekukoek ere deklaratu dute gaur; gertakarien ondoren akusatua artatu zuen medikuak eta marokoar jatorriko herritar batek. Azken horrek esan duenez, “akusatuarekin topo egin zuen batean, oso mozkortuta zegoen”.
Medikuak, berriz, akusatuari lasaigarri bat injektatu ziola adierazi du. “Urduri eta kezkatsu zegoen, baina ez lur jota”, esan du.
Epaiketak bihar izango du jarraipena eta perituek deklaratuko dute.