Gizartea -

Sutea Pasaian

Jaurlaritzak etxebizitza sozialak jarriko ditu kaltedunen esku

Kaltetutako bizilagunak ostiral goizean sartu ahalko dira beren etxeetan, ordu erdiz. Teknikariek eta suhiltzaileek lagunduta joan beharko dute.

Sutea itsasoko suziri baten ondorioz piztu zela uste du Pasaiako Udalak

0:56

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak etxebizitza sozialak jarriko ditu Urtezahar gauean Pasaian piztutako sutearen kaltedunen esku, Juan Mari Aburto Gizarte Politikako sailburuak jakinarazi duenez.

Sutea abenduaren 1ean piztu zen, gauerdian, Urte berriko ospakizunetan, eta, horren ondorioz, bi eraikietan kalte handiak izan dira. 42 familia inguruk Oiartzungo hotel batean pasatu dute gaua, eta beste askok senideen etxeetan. Bizilagunek oraindik ez dakite zer gertatuko den beren etxebizitzekin.

Ostiral honetan, 08:30etik aurrera, Euskadi Etorbideko 5. eta 7. zenbakiko bizilagunak beren etxeetara sartu ahalko dira, ordu erdiz. Etxebizitza bakoitzeko lagun bat sartu ahal izango da, teknikariek eta suhiltzaileek lagunduta.

Baliteke bi eraikinak eraitsi behar izatea, eta ostegun honetan, suhiltzaileak, udal arkitektoak eta teknikariak eraikinak aztertzen aritu izan dira.

Bestalde, Aburto Amaia Agirregabiria alkatearekin eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin batzartu da. Bileraren ostean, Jaurlaritzak kaltedunei "diru-laguntzak" emango dizkiela aurreratu du. Halaber, herrian 60 etxebizitza sozial dituela zehaztu du. Bukatuta daude eta "baimen administratiboak" baino ez zaie falta. Aburto "proiektu gehiago" eraikitzeko prest agertu da, baina lehenik eta egoerak banan-banan aztertu beharko direla esan du.

Marin Garitanoren hitzetan, Aldundiak laguntza eman du kaltedunei ostatu emateko, eta larrialdi laguntzak eskatzeko epea luzatu egingo dutela iragarri du. Izan ere, "jai egun hauetan, 72 orduko epea eskasa da".

Eraisteko arriskua

Bestalde, Amaia Agirregabiriak goizean ohartarazi du kaltetutako eraikinak behera etortzeko arriskua zegoela, eta, hortaz, segurtasun eremua ezarri dute.

Sutearen kausari dagokionez, Ertzaintzak oraindik ez duela ikerketa bukatu esan du. Dena dela, lekukoen arabera, sua bengala baten ondorio izan dela nabarmendu du.

sutea pasaian bi

sutea pasaian bi

Bizilagunen elkartasuna

Pasaiako hainbat elkartek bilera egin dute, kaltetuen aldeko plataforma sortzeko lanak antolatzeko asmoz eta, egunean zehar, arropak eta tresnak biltzeko. Halaber, laguntza guzti hori biltzeko toki handiagoa ireki nahi dute Pasaian, eta, iganderako, azoka antolatu nahi dute, arropa, dirua eta jostailuak biltzeko.

Polemika, urak presio gutxi zuelako

Suhiltzaileek ur sisteman presio gutxi zegoela salatu dute. Horren haritik, "gaueko hainbat unetan presio falta igarri egin zutela" aitortu du alkateak.

Nolanahi ere, teknikarien arabera, "hodiak araudia betetzen du". Presio faltaren kausa aldi berean hainbat mahuka konektatuta izatea izan litekeela irtzi dio.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea