Gizartea -

Santurtzi

Bihotz Gaztea ikastolak uko egin dio 2015eko Ibilaldia antolatzeari

Artezkaritza Kontseiluak ohar bat bidali die gurasoei, Santurtziko Udalarekin izandako eztabaida azalduz. "Gure ilusioa murriztu egin dute", esan dute ikastolatik.

IKER GOMEZ / EITB.COM

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bihotz Gaztea Santurtziko ikastolaren Artezkaritza Kontseiluak uko egin dio 2015. urteko Ibilaldia antolatzeko aukerari. Ikastolako gurasoei bidalitako gutun batean, "gure ilusioa eta gure ikasleentzako onuragarri den espazio baten aurkikuntza murriztea" leporatu dio Santurtziko Udalari.

Bihotz Gazteak ikastolak ohar horretan azaldu duenez, Santurtziko Udalari eginiko eskabideek ez dute "erantzun zehatzik" jaso, eta "prozesua erabat luzatzen zituen ezohiko eskaerak" jasotzen zituen. "Horren ondorioz, bigarren mailako santurtziar sentitzen gara", gaineratu dute.

Horrenbestez, ikastolako arduradunek, "epe ertain eta laburreko oztopo-egoera horren aurrean", 2015eko Ibilaldia antolatzeko aukerari uko egitea erabaki dute.

"Ikastolarako diru-sarrera garrantzitsua dela jakinda, Ibilaldia eta ikastolako proiektua garatzeko bere eskuan zegoen guztia egin du Bihotz Gaztea ikastolak. Beste batzuen ardura da gure proiektuak eta Ibilaldiaren antolaketak gure herrian izango lukeen eragina ez ikustea", azaldu du.

Etorkizunari begira, Bihotz Gaztea ikastolak bere egitasmoari jarraipena emango diola eta "denon ilusioa berpiztuko duen egitasmoa garatzeko behar dituen ahaleginak" egingo dituela gaineratu du. "Orduantxe soilik egingo genuke beste Ibilaldi baten eskaera santurtziar guztiontzat", horien hitzetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ibilaldia 2024 Santurtzi albisteak