Gizartea -

80.000 kaltedun, munduan

Lau urteko kartzela zigorra, iruzurrezko bular protesien asmatzaileari

Marseillako Auzitegiak lau urteko kartzela zigorra ezarri dio Jean-Claude Mas PIP enpresaren sortzaileari. Iruzurrezko bular inplanteak asmatu zituen, eta 80.000 emakume kaltedun daude mundu osoan.

Jean-Claude Mas PIP enpresaren sortzailea. Argazkia: Efe.
Jean-Claude Mas PIP enpresaren sortzailea. Argazkia: Efe.
Jean-Claude Mas PIP enpresaren sortzailea. Argazkia: Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Marseillako Auzitegi Korrekzionalak lau urteko kartzela zigorra ezarri dio Jean-Claude Mas PIP enpresaren sortzaileari. Iruzurrezko bular inplanteak asmatu eta fabrikatu zituen enpresa horrek, eta gaur egun 5.000 paziente kaltedun daude Frantzian, eta 80.000 orotara mundu osoan.

Mas (74 urte) Poly Implant Prothèse (PIP) enpresa sortu zuen 1991n. Agintarien bermerik gabeko gela erabiliz egiten zituen bular protesi merkeei esker, munduko enpresa inplantegile handienetan laugarrena izan zen PIP. Orain, kartzelaldia bete ez ezik, 75.000 euroko isunari aurre egin beharko dio Masek, eta ezingo du osasunaren eta medikuntzaren arloko lanik egin.

Halaber, PIP protesien egileaz gain, enpresako lau langile ere zigortu ditu Auzitegiak: hiru urte eta urte eta erdi arteko zigorrak jarri dizkiete.

Guztiei Frantziako osasun agintariak engainatzen saiatzea egotzi diete. Horrela, homologatuta ez zegoen gel batez Frantziako hego-ekialdean zeukaten lantegian protesiak egiten zituzten. Silikona industrialetik eratorritakoa zen gel hori, lehiakideek erabiltzen dutena baino hamar aldiz merkeagoa.

PIPen bular protesiekin lotutako gorabeherak ugaritu eta 2010ean debekatu zituzten arte, akusazioaren arabera, enpresak milioi bat euro aurreztu zituen urtero fabrikazio gastutan.

PIPek Frantziatik kanpo lortzen zuen fakturazioaren % 84, batik bat Latinoamerikan. Venezuelan, esaterako, 33.000 emakumeri jarri zizkieten protesi hauek, hainbat kalkuluren arabera.

Iruzur akusazioen aurrean, Masek silikona industriala erabili izana aitortu zuen epaiketan, baina protesiek osasunerako inolako kalterik ez zekartela adierazi zuen. Auzitara eraman zuten emakumeei "makalak" izatea eta "nire dirua kendu nahi izatea" leporatu die.

Dirurik, gainera, ez daukala esan du, Auzitegian esan zuenez, enpresa itxi eta gero porrot eginda gelditu baitzen. Salaketa jarri dutenen abokatuek, halere, gezurtzat hartu dute hori, eta paradisu fiskaletan funts ezkuturik ba ote duen argitzeko eskatu dute.

Orain, Tüv alemaniar enpresari begira ari dira guztiak. Hainbat urtez, PIP protesiei oniritzia eman zien, homologatu gabeko gela erabiltzen ari zirela aintzat hartu gabe.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea