Gizartea -
Greba eguna
Itunpeko hezkuntzako langileek gatazkarako irtenbidea eskatu dute
12.000 langile zeuden deituta greba jardunaldira eta, sindikatuen arabera, jarraipen zabala izan du. Helegitearekin aurrera ez jotzeko prest da Krisatu-Eskola, aurreakordioa lortzen badute.
Erredakzioa
Sindikatuen arabera, jarraipen ''oso zabala'' izan du Euskadiko itunpeko hezkuntzan astearte eta asteazken honetarako deitu dituzten bi greba jardunaldietako lehenengoak.
Lanuzte hauekin, ''murrizketarik gabeko'' lan-hitzarmen berria negoziatzea eskatu diete patronalei, eta, horri lotuta, hitzarmen horren inguruko ''bermeak'' ere exijitu dituzte. Jaurlaritzari, berriz, ''murrizketa politika bertan behera uztea'' eta ''langileak sakrifikatuko ez dituen irtenbidea'' bilatzea eskatu diote.
ELA, CC.OO, STEE-EILAS, LAB eta UGT sindikatuek deitu dute greba eta, guztira, EAEko 250 ikastetxe zauden deituta (ia 12.000 langile).
Sindikatuen arabera, ''ia ikastetxeen gehiengoan'' izan du grebak eragina, baina ez dute datu zehatzik eman, ''patronalarekin zenbaki gatazkan ez sartzeko''. Edonola ere, irailaren 26ko greba deialdiaren mailan kokatu dute gaurko jarraipena (orduko deialdian % 80koa izan zen jarraipena, ELAren datuen arabera).
Kristau Eskolak, ordea, % 24an kokatu du gaurko jarraipena, irailekoarekin alderatuta erdia. Ikastetxe erlijiosoen patronalaren arabera, 67 ikastetxetan lanuztea ezdeusa izan da.
Edonola ere, sindikatuek eta patronalek bat egin dute Bizkaian izan dela jarraipenik handiena.
Manifestazioak
Sindikatuek manifestazioak deitu dituzte EAEko hiru hiriburuetan eta protesta horietan Estatuko hitzarmena ''berehala'' bertan behera uztea eskatu diete patronalei. Halaber, hitzarmen berriaren negoziazioari berriz ekitea eskatu dute, ''murrizketarik gabe''.
Jaurlaritzari, berriz, ''gatazkan duen erantzukizunari'' aurre egitea eta murrizketa politika bertan behera utzita, irtenbidea bilatzea eskatu diote.
Kristau Eskola, helegitea bertan behera uzteko prest
Kristau eskolaren hitzetan ''neurriz kanpokoa eta arduragabea'' da greba, eta ''ikastetxeen bideragarritasuna'' lortzeko irtenbidea bilatzera deitu ditu sindikatuak.
Astelehen bertan, lan-hitzarmenaren inguruko ebazpenaren kontra helegitea jartzeko asmoa agertu zuen patronalak, baina, gaur, helegite hori bertan behera uzteko asmoa agertu du, sindikatuekin zorraren inguruko aurreakordioa lortzen baldin badu. Zorra 20 milioi euroko da.
Mobilizazioa gehiago asteazkenerako
Biharko ere greba jardunaldia deitu dute sindikatuek, eta manifestazioa egingo dute Gasteizen, Jaurlaritzaren egoitzatik Legebiltzarrera.